Hainbat sindikaturen deiaren bat eginez, gaur Lehen Lan Kontratuaren aurka mobilizatzea erabaki zuten atzo Baionako unibertsitateko ikasleek. Hala, 1.200 gazte inguru bildu dira unibertsitatean eta Herriko Etxeraino egin dute protesta. Asko izan dira sindikatuen deien gainetik ikasle gisa modu espontaneoan protestarekin bat egin dutenak.
Gaurko protesta horietan lizeoetako ikasleak izan dira nagusi. Baita hainbat lizeo profesionaletatik etorritako ikasleak ere. Esaterako Miarritzeko Ostalaritza lizeoko ikasleek bat egin dute gaurko manifestazioarekin. Lizeo profesionaletako ikasleei bereziki eragiten die Berdintasunerako Legeak biltzen due Gazteentzako Lehen Lan Kontartuak. Izan ere unibertsitateko ikasleek baino lehenago egiten dute bat lan munduarekin. Lehen Lan Kontratua kritikatzeaz gain, joan den udan Gobernuak bultzatutako Enplegu Berrirako Kontratua ere kritikatu dute profesionaletako ikasleek. Izan ere biek ala biek jasotzen dute, besteak beste, lehen bi urteetan langilea noiz-nahi botea izateko aukera, inolako arrazoirik gabe.
Protesta gehiago datorren asteartean
Biltzar nagusia egin dute gaur unibertsitatean. Protestekin aurrera nola jarraitu erabakitzeko bozketa egin dute eta era berean baita autokritika ere. Izan ere, asko dira oraindik batez ere unibertsitatean mobilizatzen ez diren gazteak. Hori dela eta, informazio gehiago eman beharra dagoela erabaki dute. Lehen Lan Kontratu honek izan ditzakeen eraginei buruzko informazioa zabaltzen jarraitzeko antolatu dira gazteak. Datorren astelehenean esaterako eskuorriak banatuko dituzte unibertsitate eta lizeotan.
Gainera beste protesta egin bat deitu dute datorren astearterako. Martxoaren 20an, beraz, 10:00etan bilduko dira berriz ere Lehen Lan Kontratuaren aurka. Datorren astearteko protesta eguna dela eta, ikasleen bi ordezkari bilduko dira gaur Baionako unibertsitateko dekanoarekin. Izan ere, ikasle batzuek azterketak edota eskola garrantzitzuak dituzte asteartean eta horren aurrean nolako neurriak hartu ahal diren eztabaidatuko dute gaur.
Lehen Lan Kontratuak gazteei mesede gutxi egiten diela eta ugazaben menera uzten dituela salatu nahi dute. Izan ere, aurreneko kontratazio horren baldintzak kaskarrak izateaz gain, bi urteko epean langilea nahi duenean eta arrazoirik eman gabe kaleratzeko aukera du nagusiak.
Frantziako Estatuan mugimendu handia sortu da lege horren aurka, eta azken egunotan unibertsitateko ikasleek hartu dute protesta mugimendu horren gidaritza. Hala, istiluak izan dira zenbait unibertsitatetan (Sorbonan kasu).
Lan baldintzak
Ikasleek protesta egin dute Baionan Lehen Lan Kontratuaren aurka
Baionako unibertsitateko ikasleek protestak egin dituzte gaur Frantziako Estatuan hainbesteko zalaparta sortzen ari den Lehen Lan Kontratuaren aurka. Protesta goizeko hamarretan abiatu dute Baionako unibertsitatean eta Herriko Etxerako bidean hainbat lizeotatik pasatu dira. Sindikatuak tarteko izan arren 1.200 lagun bildu dira orokorrean etiketa gabekoa izan den protesta batean. Ikasle gisa egin dute guztiek Lehen Lan Kontratuaren aurka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu