Bruselako lehia agintariek beste multinazional bat jarri dute susmopean. Ikearen filial batek Herbehereetan jaso zuen zerga tratua ikertuko dute orain. Prozedurari jarraituz, Inter Ikea Ikearen filialari eskaini zitzaion araudiari buruzko informazio zehatza eskatuko du orain batzordeak. Araudi horren bidez beste enpresek baino abantaila handiagoak lortu zituela ondorioztatzen badu, aurreztutako dirua itzultzera zigor dezake multinazionala, eta isunak ere egon daitezke Herbehereen aurka, diru hori bueltatzeko prozesua trabatzen ari dela iritzi badio.
Zerga politika erabakitzea edo arautzea ez da Europako erakundeen eskumena, baina azken urteotan Bruselak gaia lehiaren ikuspuntutik aztertzeari ekin dio. Zerga tratu berezia edo abantailak legez kanpoko estatu laguntza gisa identifikatu ditu. Ezagunak dira AEBetako teknologiaren enpresa handi batzuen aurka -Apple, Google edo Amazon- egindako prozedurak. AEBen eta Europako Batasunaren arteko borroka komertzial eta ekonomiko baten barruan kokatu izan dira, baina Ikearen aurkako prozedurak balio dio Lehia Agintaritzari adierazteko ez duela enpresaren jatorriaren arabera jokatzen.