Ekonomia

Ikerketa baten arabera, oinarrizko errenta ezartzea bideragarria izango litzateke Gipuzkoan

Bartzelonako Unibertsitateko ekonomia katedradun batek egin du azterketa, 2011ko zerga datuak oinarri hartuta. Ander Rodriguez Gizarte Politikako diputatuak nabarmendu du biztanleen %75i baino gehiagori mesede egingo liekeela. 

Oihan Vitoria.
2014ko urtarrilaren 31
16:14
Entzun

Gipuzkoan oinarrizko errenta banakakoa, unibertsala eta baldintzarik gabekoa aplika daitekeela frogatu du Bartzelonako Unibertsitateko ekonomia katedradun Jordi Arcaronsek. 2011ko datu ekonomikoak eta demografikoak aztertu ostean, ekonomikoki bideragarria izango litzatekeela adierazi du. Datu horien arabera, biztanleen %75 baino gehiagok lortuko lukete haien bizi maila nabarmen hobetzea. Izan ere, errenta indarrean jarriz gero, 18 urtetik gorakoek 7.902 euro jasoko lukete urtean —658,5 euro hilean—, eta adingabeek, berriz, 1.580,4 euro inguru —131,7 euro hilean—.

Errenta berria herritar guztiek jasoko lukete, eskatu behar izan gabe. Finean, herritar orok gutxieneko ordain baterako eskubidea izatea du helburu Ander Rodriguez Gizarte Politikako diputatuak, lan egiten duten edo ez axola gabe. Oro har, ezberdintasunik gabeko gizarte bat eraikitzeko eta pobrezia murrizteko balioko lukeela uste du. "Pertsona guztiei irauteko gutxieneko baliabideak bermatzea nahi dugu", zehaztu du. Pobrezia gutxitzeko lagungarria izango litzatekeela deritzo. Kezkaz hartu du, batez ere, haur pobreziari dagozkion datuak; 2011n Gipuzkoako adingabeen %12,3 baldintza nahikorik gabe bizi zen.

Horretarako, baina, PFEZ pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren erreforma egin beharko litzatekeela esan du Rodriguezek. Jakin badaki ez direla horretarako garai oparoenak, eta trabak ugariak izango liratekeela. Horiek hala, Rodriguezek argi utzi du ez duela lege bihurtzeko asmorik. Alegia, oraingoz, behintzat, Gipuzkoako Batzar Nagusietara ez dutela eramango proposamena: "Gaiari buruz dudan hausnarketa pertsonal bat da, frogatzeko gauzak beste era batera egin daitezkeela. Eztabaida eragitea espero dut".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.