Ilargiko ura

Joseba Barandiaran Andueza.
2009ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Ilargian ura dagoela dio NASAk, baina ez du gure oraingo egarria aseko. Berriak ez du egungo egoeran laguntzen. AEBetako bigarren eskuko etxebizitzen salmentak, ezustean, jaitsi egin ziren abuztuan. Azken bost hilabeteetan lehen aldiz gertatu da hori; kimu berdeek ur pixka bat falta duten adierazgarri. Berri horrek eragin zuen azken hiru asteotako jaitsiera handiena eta, ilargiko urari begira, pentsakor eta gorri gelditu ziren akzio azoketako indize nagusiak. Ibex-35 (-%1,33) eta Eurostoxx-50 (-%1,7) antzeratsu mugitu ziren. Erreserba Federalak ere, likidezia ilbetetik ilargi berrirantz aldatuko duela iragarri du, pixkanaka; horrek ere ez zuen askorik lagunduko. Atzerapauso nabarmenenak, %2,5etik gorako galerak, Arcelor, Sacyr eta BMEk egin zituzten; indizearentzat pauso txikiak dira oso, ordea, txerritxoonak. Repsol (-%2,31), Santander(-%1,57), BBVA (-%1,35) eta Edurnezurik (-%1,07) markatzen dute indizearen orbita.



Nueva Rumasa. Espainiako hainbat komunikabidetan iragarki handi eta ugariak egiten ari da Nueva Rumasa enpresa taldea, balizko inbertsiogileei pagare edo ordaindukoetan interes tasa handiak eskainiz. «Bermatutako errentagarritasuna» eta «notario aurreko benetako bermea» moduko esamoldeak aipatzen dira iragarkian. CNMVk oharra igorri du, berak gainbegiratzen ez duen zorra dela ohartaraziz batetik eta, bestetik, inbertsiogileei hartzera doazen arriskuaz informazioa batu dezaten gomendatuz. Legez, eskaintzen den bermeak duen zinezko balioan datza gakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.