Imanol Salinas ez dute espetxeratuko

Nafarroako Auzitegiko lehen aretoak ebatzi du San Giovesako protesta mehatxu arina baino ez zela izan, eta 450 euroko isuna ezarri dio.

Imanol Salinas, Itxaso Torregrosa eta Imanol Karrera, gaur, LABeko kide ugariz inguratua. JOXERRA SENAR
2019ko urriaren 1a
13:21
Entzun

Ia bi urteko espetxe zigorra izan zitekeena 450 euroko isunera murriztu du Nafarroako Auzitegiko lehen aretoak. Maiatzean, Emilio Labella epaileak 21 hilabeteko espetxe zigorra ezarri zion Imanol Salinas LABeko ordezkariari, San Giovesa jatetxearen protestatan indarkeria erabiltzea egotzita —horretarako, protestan erabilitako pankartak eta pegatinak indarkeriatza jo zituen—.

LAB sindikatuak helegitea aurkeztu zuen, eta epai berri honek neurri handi batean onartu egin du sindikatuaren tesia. Nahiz eta protestan nolabaiteko desordena egon zela esan, indarkeriarik ez zela egon azpimarratu du epaiak, eta 450 euroko isuna ezarri dio Salinasi —sindikaturen borroka kutxak hartuko du bere gain kopuru horren ordeinketa—.

Gaur, LABen egoitza aurrean agerraldi jendetsua egin dute, eta bertan, bai sindikatuak bai Imanol Salinas berak ere egunotan jasotako elkartasunari eta batez ere mobilizazioei eman diete garrantzia. "Guzti honetatik ateratzen dudan ondorio pertsonala da egia zela mobilizazioarekin eta salaketekin lortzen zela epaiketa gainditzea", aipatu du Imanol Salinasek, babesa eman dieten guztiei. "Eurek lortu dute epaiari buelta ematea, bestela orain egongo zen bestelako epai bat. Gizartean pil-bilean egon da eta behartu dute epaitegia tesia aldatzera".

Dena den, sindikatuak "larritzat" jotzen du sindikatuko ordezkari bat espetxera joateko arriskuan egon izana, lan eskubideak defenditzeagatik. Sidikatuaren ustez, sanferminetako talde bortxaketaren auzian agerian geratu bazen "sistema judizialaren zati handi bat patriarkatuaren mesedetan" zela, orain agerian geratu da "joera antisindikala" ere baduela. "Foruzaingoa, lan ikuskaritza eta fiskaltza ez dira mugitzen enpresetan lan esplotazioa eta prekarietatea ematen direnean; aldiz, hori salatzen duten sindikalisten aurka ari da".

Urriaren 10eko epaiketa

Auzia hemen amaituagatik, aurki, urriaren 10ean, Imanol Salinas eta Jose Javier Oses epaituak izango dira Huerta de Peraltako lan gatazkan grebalariak ordezkatzen ari zirela salatzeko enpresa aurrean furgoneta bat aparkatzeagatik. "Kasu honetan greban zeuden langileak legez kanpo ordezkatzen ari ziren, eta produktua Almeria eta Murtziatik ekartzen ari ziren. Hori eragozteko ekintza hori egin zuen sindikatuak", azaldu dute gaur.

Hain zuzen ere, maiatzean 21 hileko zigorra ezarri zuen Emilio Labellak epaituko ditu. Imanol Karrera LABeko Nafarroako koordinadorearen arabera, horrek "ez du bermerik" ematen eta "zentzugabekeria judiziala" da. Juridikoki ere aztertzena ari dira ea epaileak auzi hori epaitu ez dezan eska daitekeen —epailea, gainera, enpresaren toki berekoa da, Azkoiengoa—. Hala ez balitz ere, Karreraren arabera, epaileak bi bide ditu, Karreraren ustez: "Lehen aretoak auzi honetan ezarritako irizpideei heltzea edo mantentzea zentzugabekeria horretan".

Hori salatzeko, autoinkulpazio kanpaina bat abiatu dute. "Ikusita zer joera duen espero dugu ez dela epai bidezkoa izango". Autoinkulpazio kanpainarekin salatuko dute ez Salinas ez Oses ez dira errudun, eta prekarietatearen aurkako ekintza sindikala "inoiz baino beharrezkoagoa" dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.