Azkenean, datorren urtean hasiko dira Sizilia eta Calabria (Italia) elkartuko dituen zubia eraikitzeko lanak. 3.300 metrorekin, inoiz eraiki den zubi zintzilikari luzeena izango da, eta Impregilo konpainia buru duen partzuergoa aukeratu zuten atzo eraikuntza lanak egin ditzan. 4.400 milioi euro sakelaratuko dituzte eraikitzaileek.
2004ko apirilean hasi zen lehiaketa, eta bi talde heldu ziren atzoko finalera. Italiako Impregilok (%45) eta Societa Italiana Condottek (%15), Espainiako Sacyr Vallehermosok (%18,7) eta beste hainbat konpainiak osatutako partzuergoa gailendu zen azkenik. «Europan eta munduan abangoardia teknologikoan» izango den lanarekin «oso pozik» daudela azpimarratu zuen Alberto Lina Impregiloko kudeatzaileak. Astaldi, Ferrovial eta Maire Engineering dira galtzaileak. Erabakiaren aurka egiteko aukera baliatu dezakete oraindik.Luzeraz gainera, bestelako zailtasunak izango ditu Impregiloren partzuergoak. Ingeniaritza lan ikusgarriak gai izan beharko du 216 kilometro orduko haize boladei eta Richter eskalan 7,1 puntuko lurrikarei aurre egiteko. Ondorioekin kezkatuta, proiektuaren aurka dira Italiako talde ekologistak, gainera; eta beste asko mafiarekin arduratuta daude. Sizilia penintsularekin elkartuko duen proiektuak aurrera egin dezan, mafiak interes handia duela ohartarazi dute.Entzungor egin, eta «txirotzen» ari den Italiako hegoaldea suspertzeko oso proiektu garrantzitsua dela aldarrikatu du Silvio Berlusconi Italiako lehen ministroak. Oposizioak iragarri du, ordea, 2006ko bozak irabaziz gero, Messinako proiektua bertan behera utziko duela. Milaka milioi euro xahutuko direla gaitzetsi dute.Atzera eginez gero, artzainaren ipuina ekarriko dute gogora Siziliako eta Calabriako adinduek. 60ko hamarkadaz geroztik, sarritan entzun dituzte zubiari buruzko zurrumurruak, baina albisteak indartu egin ziren 2001eko hauteskundeetan Berlusconik zubia bere kanpainaren giltza bihurtu zuenean.
Futbol zelaia bezain zabala
Hamar minutuan igaro ahalko da zubia. Itsasontziz, eta gero trenez, bi ordu behar dira ibilbide berbera egiteko. Zubiak, gainera, autoentzako lau bide izango ditu noranzko bakoitzean, eta bi trenbide igaroko dira erditik. Erosotasunaren truke, hamar euroko bidesaria ordaindu beharko dute, batez beste, auto gidariek.
Egunean 200 trenek eta orduan 6.000 autok zubia erabiltzea espero da. Futbol zelai baten zabalera izango du ia zubiak (73 metro ditu zelaiak, 60,4 zubiak), eta Eiffel dorrea baino altuagoak izango dira Messinako dorreak (321 metro ditu Eiffel dorreak, 382,6 metro zubiaren bi dorreek). Guztira, gainera, 4.920 metro izango da luze.
ERAIKUNTZA LANEN ESLEIPENAK
Impregilok eraikiko du Siziliako zubia, 4.400 milioi euroren truke
2012. urtean amaituko dute, eta 3.300 metrorekin, munduko zubi zintzilikari luzeena izango da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu