Inasa Foil enpresak —Reynolds ohiak— Irurtzunen (Nafarroa) duen lantegia ixtea erabaki du, eta, horrekin batera, lana erregulatzeko espedientea aurkeztu dio lan agintaritzari, 155 langile kaleratzeko. Lantegian guztira 168 behargin ari dira lanean gaur egun, eta, beraz, gainerako hamahiru langileak itxierari dagokion lanetarako geratuko dira bitartean, zuzendaritzaren asmoa enpresa «berehala» ixtea baita. Hala jakinarazi du enpresak ohar baten bidez. Aluminio papera egiten dute enpresan duela 50 urtetik, eta Sakanako enpresa handienetarikoa da.
Enpresa ixteko erabakia atzo helarazi zion zuzendaritzak Nafarroako Gobernuko Industria Departamentuari. Enpresak azaldu duenez, iazko bigarren erdian salmenten jaitsiera nabarmena izan zen finantza krisiaren ondorioz, eta urteko lehen hiruhilekoan egoera okertu dute energiaren eta metalaren prezioen igoerak eta salmenta prezioen beherakadak.
Nafarroako Gobernuak «harrituta» hartu du berria, eta Inasaren jokaera gaitzetsi du. Lourdes Goikoetxea Industria Departamentuko kontseilariak azaldu du enpresa ixteko erabakiaren berri prentsaren bidez izan duela eta atzo arratsaldean bertan zuzendaritzarekin biltzekoa zela.
Soldatak herena baino gehiago jaitsiko zizkiela jakinarazi zien apirilean enpresak langileei, %35, hain zuzen. Erabaki hori ikusirik, negoziatzeko aukera gutxi ikusten zuten langileek, eta enpresari bere asmoak bertan behera uzteko eskariek huts egiten zutela ikusita, greba mugagabea hasi zuten maiatzaren 24an. Langileek «seriotasuna» eskatu zioten enpresari, eta soldatak %24 jaisteko prest ere agertu ziren. Zuzendaritzak, ordea, langileei leporatzen die greba mugagabearen ondorioz «bezero garrantzitsuenak» galdu dituela. Atzoko erabakiaren aurretik langileen greba batzordeak ohartarazi zuen zuzendaritza «enpresa hiltzen» saiatzen ari zela.
2010. urtean Bavaria Industrie Kapital enpresak erosi zuen Inasa, hura «berregituratzeko eta enpresa independente gisa iraunkor egiteko» asmoarekin. Enpresaren arabera, urte horretan 4.143.000 euro ezarri zituzten produkzio tresneria modernizatzeko, azken hamar urteetan egindako inbertsiorik handiena.
2011n enpresa berregituratzeko egindako lehen ahaleginak, ordea, ez ziren «nahikoak» izan Irurtzungo lantegiaren iraupena bermatzeko. Berregituraketa horretan, 26 langile kaleratzea onartu zuen enpresak, baita langileen soldata %8 gutxitzea ere.
Jardunean, galerak
2012ko apirilaren 2an Inasak negoziazioak hasi zituen lantegiko kontratuak Nafarroako metalaren hitzarmenarekin bat egiteko. Zer dela-eta nahi zuen hori? Inasako langileen soldatak hitzarmenarenak baino %30 altuagoak zirela zioelako eta, ondorioz, azken hamar urteetan laminazioaren jardunean galerak izan zituela argudiatzen zuelako. Horrez gain, Europan prezioen lehiakortasunak itxiera asko ekarri dituela ere gogorarazi du enpresak.
«Inasako soldata altuek galarazi egiten zuten lehiatzea, eta horregatik erabaki zen lan erreforma aplikatzea, bideragarritasunerako beharrezkoa zen bide gisa», adierazi dute zuzendaritzakoek.
Inasa Foilek Irurtzungo lantegia itxiko du, eta 168 langileak kaleratuko ditu
Zuzendaritzak argudiatu du egoerak okerrera egin duela urteko lehen hiruhilekoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu