Inbertsio funts «estrategikoa» sortuko du aurten Frantziak

Sarkozyren arabera, teknologia berritzailea duten enpresak babestuko ditu, atzerriko kapitaletik

Iker Aranburu.
2008ko urriaren 24a
00:00
Entzun
Europako Batasuneko beste herrialdeen aldetik erantzun onikjaso ez duela ikusita, bere kasara jokatzea erabaki du Nicolas Sarkozyk, eta inbertsio funts subirano bat sortuko du, «proiektu estrategikoak» frantziarren esku geratzen direla egiaztatzeko. Ekonomia suspertze aldera, Frantziako Errepublikako presidenteak iragarri du 2010eko urtarrilera arte enpresek ez dutela zerga profesionala pagatuko inbertsio berriak egiten badituzte.

Asteartean, Sarkozyk harridura eragin zuen Europako Legebiltzarrean, inbertsio funts subiranoak sortzeko eskatu baitzien EBko kideei, burtsa pattal dabilenez kontinenteko enpresa esanguratsuak atzerriko funtsen esku geratzeko arriskua ikusten zuelako. Estatuek sortutakoak dira inbertsio funts subiranoak. Handienak Arabiako herrialdeek dituzte, petrolioaren irabaziekin sortutakoak. Txinak ere sortu ditu bereak, Mendebaldeari produktuak salduta pilatutako dirutzarekin. Europan Norvegiak du funts handiena, eta petrolioa amaitzen denerako erreserbak biltzen ditu hor.

Sarkozyren proposamenak ez du oniritzirik jaso, besteak beste herrialdeetako batzuk funts horien laguntza eskatzen ari direlako finantza krisiak sortu dien zuloa betetzeko. Espainiako Gobernuak, esaterako, zor publikoa handituko du bere banku sistemari lagundu ahal izateko eta bono horiek erosteko eskaini die funts subiranoei.

Beste arazo bat da Europako herrialde gehientsuenek ez dutela dirurik sobera halako funts bat sortzeko. Izanda ere, askok ez lukete sortuko, estatuen halako esku-hartzeen aurka daudelako, edo gaur egungo funtsak areriotzat hartzen ez dituztelako.

Caisse des Depots

Frantziak berak badauka funts subirano baten antzekoa: Caisse des Depots. 1816an sortutako kutxa horretan biltzen dira Estatuak enpresetan dituen parte-hartzeak. Ez dira gutxi: Alcatel-Lucent (2%), Accor (8,6%), Peugeot-Citroën (3%), EADS (2,5%), Schneider Electric (4,4%), Danone (3,6%), Dexia (8,9%), Areva (3,6%), Valeo (6,5%)...

Sarkozyk aurreratu duenez, Caisse des Depotsek berak kudeatuko du funts berria, baina «aktiboagoa, ausartagoa, mugikorragoa» izango da.

Urte amaieran sortuko dute, baina oraindik ez dute jakinarazi zenbateko diru kopuruarekin. Inbertsio «masiboak» egingo ditu, «enpresa estrategiko batek dirua behar duen bakoitzean». Teknologia berritzailea duten enpresak babestuko ditu, edo deslokalizazio arriskuan daudenak.

Bilera azaroaren 7an

Sarkozyk aurki izango du aukera bere proposamena EBko beste gobernuburuei hobeto azaltzeko. Izan ere, Europako Batasuneko jarduneko presidentea denez, azaroaren 7rako deitu ditu EB- ko kide guztiak, Bruselara.Goi bilera horretan prestatuko dute azaroaren 14an eta 15ean munduko herrialde boteretsuenek finantza krisiaren inguruan AEBetan egingo duten bilera. Batasuneko lau kide izango dira han: Alemania, Erresuma Batua, Frantzia eta Italia. Espainiako Gobernuak presio asko egin dizkio Sarkozyri bilera horretara gonbidatu dezaten, baina arrakastarik gabe.

Goi bilera horretara, «kapitalismoaren berfundaziorako ideiak» eraman nahi ditu Sarkozyk. Haren esanetan, «merkatuaren diktadura hil da», eta bada garaia «politika ekonomiara itzultzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.