Ekuazioa argi du Eudelek, EAEko Udalen Elkarteak: inbertsio gehiago eta gastu gutxiago, baina zerbitzu publikoei eutsita. Krisi ekonomikoari aurre egiteko proposamen eta neurri sorta aurkeztu zien atzo Eudeleko zuzendaritzak ehun bat udal ordezkariri, Gasteizko Europa jauregian. Arratsaldean, berriz, plana Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakariari azaldu zion.
Herritarrengandik hurbilen dauden administrazio publikoak dira udalak, eta hasiak dira eurak ere krisiaren eragina nabaritzen. Esaterako, foru ogasunen zerga bidezko diru bilketa eskasagoaren ondorioz, 105 milioi itzuli beharko dizkiete aldundiei Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udalerriek. Hurrengo baliabide banaketan ere udalerriei dagokien tartaren zatia ez dela handituko espero dute.
Baliabideak urriak dira, eta udal bakoitzak erabaki beharko du nola jokatu, baina ez du balio ezer gertatuko ez balitz bezala aritzea, Jokin Bildarratz Eudeleko lehendakari eta Tolosako alkatearen irudiko. «Neurriak hartzen ez dituenak arazoak izango ditu. Kezkatzen gaitu hurrengo urteak, baina baita 2010. urteak ere».
Ahal den neurrian, inbertsio publikoa indartzeko garaia dela uste du Eudelek. Eta horretarako udalak zorpetzea beharrezkoa bada, zorpetzeko aholkua eman die alkate eta zinegotziei. Bildarratzen arabera, udal gehienak daude zorpetzera jotzeko moduan, nahiz eta batzuk arazo gehiago izan eta gastu korrontea diru sarrera korronteen gainetik izan.
Inoiz baino gehiago, kontu publikoak eraginkortasunez erabiltzeko sasoia dela onartu du Bildarratzek. Hori dela eta, gastuak zaintzeko eta atal batzuk berriz aztertzeko eskatu die udal administrazioei. Horretarako, udalerri bakoitzean krisiaren aurkako mahaia eratzea proposatu du.
Gastu korronteari erreparatzea gomendatu du, batez ere pertsonal gastuak eta kanpo kontratazioa. «Mantentze, garbiketa, lorezaintza eta energia kontratuak aztertzeko unea da, zerbitzuei eutsita baina kostea murriztuta».
Krisiaren kontrako plana Eudeleko zuzendaritzan dauden alderdietako ordezkaritza guztien adostasunarekin onartu da, EAJ, EA, eta PSE-EE. Akordio hori irudikatzeko asmoz, Jokin Bildarratz jeltzalearekin batera Karlos Totorika sozialista eta Pablo Isasi EAko kidea aritu ziren aurkezpenean.
Lana, «eguneroko ardura»
Planean, halaber, Enpleguaren Mahaia eratzea erabaki du Eudelek, 2009-2011 eperako. Tresna horren bitartez krisiak eragindako langabeziari aurrea hartu nahi diote udalek. Gaur egun langabezia tasa %3,8 da eta Eusko Jaurlaritzak datorren urtean ez dela %5era iritsiko ziurtatu du, baina geroz eta alkate gehiago arduraturik daudela ohartarazi du Bildarratzek. «Eguneroko kezka da; denak ikusten ari gara gero eta erregulazio eskaera gehiago daudela, eta hori sentitzen ari gara».
Horren haritik, enplegua sustatzeko neurriak «lehentasuna» izango direla agindu du Eudelek, eta, besteak beste, garapenerako agentzien bidez eta eragile sozialekin elkarlanean, eskualde bakoitzaren errealitatera egokitutako laneratze programak martxan jarri ahal izatea espero dute .
Bestalde, sektore ekonomikoak dinamizatu ahal izateko, hala industrialdeak sortzeko nola etxebizitzak eraikitzeko tramiteak arintzea ontzat jo du Eudelek. Batetik, enpresa eta jarduera berriak erakartzeko, eta, bestetik, etxebizitzaren kasuan, babes ofizialekoei eta tasatuei lehentasuna emateko.
Inbertsioa areagotzeko eta gastuak murrizteko aholkua eman die Eudelek udalerriei
Langabeziari aurre egiteko, Enplegu Mahaia sortuko du EAEko Udalak batzen dituen elkarteak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu