Egongaiztasun handiagoa nagusi zen egoeratan euskal enpresek aurrera egin dutelako itxaropentsu dira Juan Jose Arrieta Euskadiko Kutxako zuzendaria eta Joseba Madariaga Azterketa Departamenduko zuzendaria.Atzo aurkeztu zuten Euskadiko Kutxak Hego Euskal Herrikoekonomiari buruz egindako 28. txostena. Azaldu zutenez, 2003an hasitako bilakaera positiboari eutsi zion ia Hegoaldeko ekonomiak eta aurten ere Barne Produktu Gordinak bide horretan jarraitzea espero dute, nahiz eta munduko ekonomiaren hazkunde motelagoa iragarri.Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako BPG %3 hazi zen, zehazki, 2004an eta %3,4 Nafarroakoa. «Ez da %5,5 munduko hazkundearen mailara iristen, baina ondoko herrialde aurreratuenak baino handiagoa da», azaldu zuen Arrietak.Petrolioaren nahiz lehengaien garestitzeak eta euroaren truke tasak baldintzatuko dute etorkizuna. Aurten barne eskariak bere hartan jarraitzea espero dute, eta baliteke aurten, iazko susperraldiaren ondotik, industria moteltzea. Arrietaren iritziz, hazkundearen bidea bermatzeko, higiezinetan eta ekipo ondasunetan ez ezik, giza baliabideetan ere inbertsioak egin beharko dira. Betiere, balio erantsi handiagoko produktuak eskaintzeko.
-nekazaritza: Nekazaritzako BPG %15,1 hazi zen iaz EAEn, 2003. urteko lehorteak eragindako emaitza kaskarrak direla eta. Nafarroan «egonkortasuna» nagusi zen arren, nekazaritzako BPG %0,4 murriztu zen.
-Industria: Biurteko makalaren ondotik, industria jarduera suspertu egin zen iaz. Urteko bigarren seihilekotik aurrera, ordea, abiadura galdu zuen, Europako ekonomia nagusien pultsu ahulak eraginda. EAEko Industria Produkzioaren Indizea %3,2 hazi zen, %11,2 Nafarroakoa. Madariagak azaldu zuenez, bi proportzio horiek ezin alderatu daitezke, industria sektoreek erabat osaera ezberdina dutelako. «Hori dela eta, hazkunde handiagoa izateak ez du esanahi bat bestea baino hobeto jardun denik». Milurteko hasieran, industriako enpresek bi urte eskas iragan zituztelaeta finantzaketa lortzeko arazoek enpresen inbertsioak apaldu zituztela gogora ekarri zuen. Iaz, ordea, inbertsioak arras hazi ziren eta ekonomiaren hazkundea eragin zuten aldagaien artean eraginkorrenetakoa izan zen. Dena dela, aurreratu zuten agian iazko bigarren seihilekoan hasitako motelaldiak iraungo duela aurten. Ontzigintza eta zementua moteldu ziren gehien, eta siderurgia, elektronika, informatika eta autogintzako osagaiak suspertu ziren gehien.
-eraikuntza: Orohar moteldu egin zen iaz, baina aurtengo ekitaldia «oso arrakastatsua» izango dela iragarri zuten.
-zerbitzuak: Egonkortasuna nagusi den arren, hazkundea Nafarroan esanguratsuagoa da EAEn baino. Gainera, heterogeneotasunagatik aztertzeko zaila den sektorea bada ere, iaz enplegua hazi egin zela azaldu zuten.
-enplegua: Nafarroan jarduera sektore guztietan hazi egin zen iaz beharrean ari zirenen kopurua. «Laneko klima» dela eta, hitzarmen kolektibo gutxiago izenpetu eta greba gehiago egin ziren Hegoaldean.
-kanpo merkataritza: Bigarren urtez, kanpo merkataritzak ez zuen Nafarroako hazkundea moteldu, eta EAEri dagokionez, hiru hamarreko handitu zuen hazkundea. 1993az geroztik lehen aldiz emaitza negatiboa izan zuen iaz EAEko kanpo merkataritzaren balantzak, eta 2003arekin alderatuta %53,2 murriztu zen Nafarroako hazkundea. Hain zuzen, barne eskaria izan zen hazkundearen funtsa.
-
INFLAZIOA
Petrolioaren garestitzea ezin prezioan islatu
Petrolioaren garestitzeak kontsumitzaileari nola eragiten dion aztertzea zaila dela aitortu zuen Joseba Madariagak. «Sos gehiago ordaindu beharko dira gasolioagatik», baina, azaldu zuenez, Kontsumo Prezioaren Indizea ez da petrolioaren garestitzea bezainbeste handitu. «Inflazioa nahiko egonkor hazi da, eta oraingoz bederen ez da petrolio garestitzerik islatu». Arrazoia? Eskaria eskaintza baino apalagoa izatea. Izan ere, konpainiak ez dira ahal bezainbeste ekoizten ari eta, beraz, ezinezkoa zaie eurek lehengaiengatik ordaindu behar duten prezioa bezeroari jarritako salneurrian islatzea. Salneurria jaistea espero dutela aitortu, eta zilegizko prezioa 40 eta 50 dolarren artean dela uste dute.