Bizkortzen ari da industria ekoizpena 2016an. Otsaileko %5,1eko igoerari esker, hazi egin da jarduera urteko lehen bi hilabeteetan, iazko tarte berean baino %5,6 gehiago. Eustaten arabera, hori bai, urtaroen eragina zuzenduta %0,5 jaitsi da ekoizpena, urtarrilaren aldean.
Ekonomian pisurik handiena duten sektoreen artean, garraio materialenak (%18,5), makineriarenak (%10,2) eta zur, paper eta arte grafikoenak (%9,6) eduki dute igoera nabarmenena otsailean; metalurgia eta metalezko produktuen ekoizpena %3,4 gehitu da. Jaitsiera esanguratsuenak material eta ekipo elektrikoetan (%4,3), eta energia elektriko, gas eta lurrunean (%4,1) jazo dira; siderurgiarena, berriz, %15 apaldu da azpisektorea denez geroztik.
Urte arteko datuak lurraldeka aintzat hartuz gero, positiboa izan da bilakaera hiru lurraldeotan: Araban %7,6, Bizkaian %4,9 eta Gipuzkoan %3,8 igo da industria ekoizpena, iazko otsailarekin alderatuta. Urtarrileko datuekin konparatuta, halere, Gipuzkoan baino ez da hazi ekoizpena: %1.