Joan den astean, industriari lotutako datu ekonomiko txukun bat argitaratu zuen Eustatek. Haren arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako industriek jarduera handiagoa izan zuten martxoan otsailean baino. Hain zuzen ere, %2,5 gehiago. Alabaina, urte arteko tasa oraindik negatiboa dela jakinarazi zuen —%0,9 behera iazko martxotik aurtengora—. Gaur, INEk industria negoziazioari buruzko kopuruak eman ditu, eta ondorioa antzekoa da: hilabetean, otsailetik martxora, %5,7ko gorakada izan du negozioak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Nafarroan, atzera egin du, %3,1. Batean zein bestean, urte arteko tasa negatiboa da, %8,1koa eta %13,2koa hurrenez hurren.
Industria eskaeren berri ere eman du estatistika erakundeak. Datuak txarrak dira. Aurtengo martxoan iazkoan baino %25 eskaera gutxiago jaso dituzte Araba, Bizkai eta Gipuzkoako enpresek, eta %16,7 gutxiago Nafarroakoek. Otsaileko antzeko mailan mantendu dira. Urte osoko datuak kontuan hartuta, %10etik gorakoa da eskaerek izandako jaitsiera.