Eusko Jaurlaritzari 90eko hamarkadaren hasieran eginiko «ahaleginak» errepikatzeko eskatu dio Confebaskek, izan ere, Industria Sailarena ez ezik, «Jaurlaritza osoaren lankidetza ezinbestekoa» dela adierazi zuen Jose Guillermo Zubia patronaleko idazkari nagusiak. Era berean, industria indarberritzeko «gizarte osoaren laguntza» aldarrikatu zuen eta, bereziki, hezkuntza erakundeena, unibertsitatearena kasu.Euskal ekonomiaren egoera, «orokorrean» ona den arren, «isilpeko krisialdia» sortu daitekeela iragarri zuten enpresaburuen ordezkariek, industria sektorearen hazkundearen gainbehera ikusita. 2000.etik aurrera, industriaren «pisu erlatiboa gero eta txikiagoa» izan da. Urte horretatik 2005eko ekaineraino, %3,1eko galera gertatu da, hain zuzen ere. Industriak EAEko Barne Produktu Gordinaren %28,2 sortzen du, hartara, gaur egun, eta kopuru hori 1993 urtekoa baino txikiagoa dela (%29,5) azpimarratu zuten.
Lehiakortasuna areagotzeko neurriak
Egoera zuzentzeko EAEko industriaren «eraginkortasuna eta lehikortasuna» sustatu beharra dagoela uste du Confebaskek, «nazioarteko ekonomiak agertzen dituen erronkak gainditu ahal izateko». Horren ildora, 2003 urtetik hona petrolioaren salneurria bikoiztu egin dela eta ekoizpen kostuak %43 hazi direla gogoratu zuen.
Industria suspertzeko 52 proposamen eta gomendio biltzen dituen txostena iragan astean bidali zion EAEko patronalak Industria Sailari, eta, Miguel Lazpiaurrek adierazi zuenez, «begi onez hartu dute». Jaurlaritzak datorren urtean aurkeztuko duen 2006-2009 Industria Politika planaren ildo nagusietan eragina izatea nahi du Confebaskek egitasmo honen bidez. Halaber, lehentasunezko 15 neurri nabarmendu dituzte, estrategiarik garrantzitsuenak seinalatzeko asmoz. Besteak beste, euskal enpresak mundura zabaltzeko laguntza eskatu du Confebaskek, «merkatuak behartuta» euskal enpresek beste herrialdeetan ekoizpen zentroak ireki behar dituztelako. Horrela egin ezean, «produkzioak ihes» egingo duela argudiatu zuten.
Proposamen nagusiak
Eusko Jaurlaritzaren industria politika sustatzeko Confebaskek eginiko txostenak, 52 proposamen biltzen ditu eta, horien artean, 15 lehentasun ezarri dituzte, ekonomiaren bost alorretan jorratu beharrekoak.
Ekintza
-Gizartea hezi, ekimena laguntzen duten joeretan (sormena, arriskuak jasan...).
Teknologia eta berrikuntza
-Industrial Berrikuntzarako Agentzia bat sortzea.
-Enpresen I+G+i-ari laguntza.
-Enpresentzat sorkuntza eta transferentzia katea antolatzea, Unibertsitatea, Teknologi Zentruak eta Enpresek zer egin behar duten zehaztuz.
-Zergen hesiak ezabatu desgrabatzeko.
-Konektibitate sareen garapena eta I+G+i arloan enpresen arteko kooperazioa.
-I+G+i-ko europar proiektuetan parte hartzea.
-Patenteak.
Finantza sistema
-Enpresen finantzaketa programa: Berrikuntza, Teknologi birmoldaketa eta Internazionalizazioarentzako.
-Finantza eta fiskalitate tresna berriak ekonomi aktibitatea erakartzeko.
Internazionalizazioa
-Euskal enpresen internazionalizazioarentzat laguntza sareak ezarri.
-Kanpoan Fabrikazio Patzuergoen sorkuntza lagundu, hornitzailez osatutakoak, bezeroa jarraitzeko.
Azpiegiturak
-Industria-lurzoruaren promozioa.
Kudeaketa eredua
-Informazio eta Komunikazioaren Teknologien erabateko sarrera kudeaketa eta produkzio prozesuetan.
-Enpresen arteko kooperazioa: Elkartasunak eta Praktika egokiak.