Eusko Jaurlaritzak berriro ireki du Renove Makineria Industriala Programa, "euskal industriaren produktibitatea, segurtasuna eta lehiakortasuna hobetzeko apustua". 2017rako programak bederatzi milioi euro banatuko ditu, iaz baino milioi bat gehiago. Laguntzak eskatzeko epea bihartik aurrera egongo da zabalik www.spri.eus webgunean, eta urriaren 31n itxiko da, edo lehenago, aurrekontua agortzen bada.
Programa Jaurlaritzak sustatzen du, baina Spri Taldeak kudeatzen du. Laguntza bereziki zuzenduta dago makinak berritzeko premia daukaten enpresa txiki eta ertainei (ETE), berritze eta modernizazio prozesuen bidea errazteko. "Enpresetako aktiboen zati bat berritzea da helburua, eta makinak puntuan jartzea ikuspegi guztietatik, betiere produktibitatea hobetuz eta pertsonen segurtasuna zainduz". Gobernuaren arabera, industria arloko enpresen produkzio ekipamenduak modernizatuko dira laguntzarekin, eta lan arloko segurtasun eta osasun arauetara egokituko dira.
2014an jarri zen martxan programa, eta harrezkero Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 891 enpresek jaso dituzte laguntzak. Guztira, Jaurlaritzak 320,83 milioi euro bideratu ditu programara azken hiru urteetan.
70.000 euro makina bakoitzeko
Laguntza jasotzeko, makina berriak 70.000 euro balio behar ditu gutxienez (BEZa kontuan hartu gabe). Erosketa gastuaren %15eko diru laguntza emango da; eta, gehienez ere, 70.000 euro emango dira erositako makina batzoitzeko, eta 100.000 euro enpresa bakoitzeko (diru laguntza erosketa bat baino gehiagorentzat den kasuetan).
Honakoak dira diru laguntza jaso dezaketen makina motak: produktuak eta materialak ontziratzekoak eta partekatzekoak, osagarriak muntatzekoak, lehengaiak eta erdilandutako produktuak eraldatzekoak, metrologiarakoak, eta enprsea eskatzaileararen ustiapen ekonomikoko produkzio prozesuetan erabilera automatikoa egiteko erabiltzen diren makina berriak.