Industrian enpresen %40 erabat geratu direla diote sindikatuek

Industrian, hezkuntzan eta sektore publikoan nabaria da deialdiaren jarraipena, nahiz eta herrialdearen eta eskualdearen arabera erantzuna desberdina izan. Sindikatuak gustura agertu dira erantzunarekin; patronalak dio eskasa dela. Jaurlaritzak %20 inguruan zenbatu du parte hartzea; Nafarroako Gobernuak, %11n. Grebaren ingurukoak jasotzeko, #30greba eta #GO30 etiketak ari dira erabiltzen Twitterren.

2013ko maiatzaren 30a
07:46
Entzun

Erantzun desberdina, lekuaren eta sektorearen arabera. Parte hartze datu batzuk eman dituzte sindikatuek, eta nabarmendu dute "zabala" izan dela jarraipena. Industriako datuak eman dituzte, eta jakinarazi dute hamar enpresatik lau erabat geratu direla; hamarretik beste bitan %30etik gorakoa izan da langileen parte hartzea. Aldeak badaude, edonola ere: Gipuzkoan, lanuzte erabatekoa egin dute enpresen erdiek pasatxok, baina Araban eta Bizkaian %33 bueltan geratu da datu hori. Nafarroako daturik ez dute eman; soilik esan dute "itxurazkoa" izan dela Iruñerrian jasotako babesa, eta zabala Sakanan, Baztanen eta Leitzaldean.

Sektore publikoan, aurreko deialdietan bezala, hezkuntzan izan da parte hartzerik handiena: sindikatuek diote %70ekoa izan dela sare publikoan; Jaurlaritzak, berriz, %38ko jarraipen datua zabaldu du. Osakidetzan eskasagoa izan da parte hartzea; daturik ere ez dute eman sindikatuek —"ez da hain handia izan", esan dute—, eta gutxieneko zerbitzuei egotzi diete jarraipen baxuagoa.

Sektore pribatuan, berriz, garraioan eta eraikuntzan pilatutako babesaz mintzatu dira. Euskotrenen gutxieneko zerbitzuak bakarrik eman dituztela esan dute, eta eraikuntzan Gipuzkoako lanuztea "ia erabatekoa" izan dela.

Eusko Jaurlaritzaren arabera, sektore pribatuan %19 bueltakoa da lanuztearen eragina, eta sektore publikoan, %20koa. Iraileko lanuztearekin alderatuta, apalxeagoa da Jaurlaritzak eman duen datua; orduko hartan, izan ere, alor pribatuko eragina %20an zenbatu zuen, eta publikokoa, %25ean —hezkuntzan datu nabarmen handiagoa eman du, %41ekoa—. Nafarroako Gobernuak eguerdian esan du foru administrazioan greba egiteko aukera zutenen artean %5ek jo dutela lanuztera —hezkuntzako datuak ez ditu aintzat hartu—, eta arratsaldeko lehen orduan bikoiztu egin du kopurua: adierazi du %11,34k babestu dutela greba.

Jarraipen desberdina

Erantzun handiena Gipuzkoan jaso du grebak. Greba oso zabala izaten ari da, deitzaileen arabera. Sektore publikoan ere langileak ez dira lanera joan, eta diputazioak eta udal askok ere grebarekin bat egin dute, tartean, Donostiakoa. Bizkaian, normaltasuna da nagusi; zenbait lantegi itxita daude, eta zenbait udalen eta aldundiaren zentroetan ere greban dira; diputazioak %14,4ra mugatu du parte hartze datua. Sindikatuek nabarmendu dute Nafarroan izaten ari den eragina ere, batik bat, Iruñerrian eta iparraldean. Araban, oihartzuna txikiagoa da, eta Michelinen eta Mercedesen lanean dira langile asko.

Sindikatuek gaurko egin duten greba deialdiarekin bat eginda, Hego Euskal Herriko hainbat industrialde itxirik daude gaur goizetik. Seiehun enpresa batzordek baino gehiagok bat egin dute grebarekin, besteak beste CAF, Petronor, Virtisu, Unipapel, Gamesa, Ingeteam, ArcelorMittal eta Caprabok, eta piketeak han eta hemen dabiltza auto karabanetan. Dagoeneko zortzi lagun atxilotu dituzte, eta hainbat aldiz oldartu da Polizia Iruñean. Hainbat protesta ere izan dira, baina mobilizazio nagusiak eguerdian eta arratsaldean izango dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.