Industrian jada %127 gehiago dira erregulazioek eragindako langileak

Dagoeneko 288 eskaera onartu ditu Lan Agintaritzak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, baina ia guztiak, %94, adostuak izan dira

Ivan Santamaria.
2008ko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Krisiaren ondorio txarrenak, langabezia eta enplegu erregulazioak, azaleratzen ari dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ekonomian. Azken datuek, gainera, industrian sufritzen hasi diren arazoak agerian utzi dituzte. Hala, aurten azaroa arte sektore horretan ia 5.450 langileri kalte egin diete erregulazioek, eta dagoeneko aurreko urte guztian baino %127 gehiago dira.

Zenbaki hori handituko da, gainera, Mercedesek (2.500 langile) edo Cegasak (244 langile) dagoeneko aurkeztu dituzten eskaerei bide ematen bazaie.

Duela gutxi arte enplegua sortzen jarraitu arren, zerbitzuetan ere igo dira erregulazioak eta kaltetuak. Aurten, orotara, 864 beharginentzako onartu du neurria Lan Agintaritzak, iaz baino lau aldiz pertsona gehiago.

Orain arte onartu eta aurkeztu diren enpleguaren erregulaziorako eskaeren berri eman zuen atzo Joseba Azkarraga Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak. Oro har, erregulazio eskaerak soilik %6 handitu dira, eta pairatu dituzten langileak, berriz, %42 handitu dira EAEn

Datu orokor horien azpian, ordea, beste irakurketa batzuk gordetzen dira. Joan den hilean Lan Harremanen Kontseiluak ohartarazi zuen iaz ezohiko erregulazio ugari egon zirela arrantzaren sektorean, bokartaren debekualdiaren ondorioz. Alegia, ziklo ekonomikoarekin zerikusirik ez zuen gertaera. Faktore hori kenduta, eskaerak %80 handitu direla ohartarazi zuen kontseiluak, krisiaren eraginez. Iaz, guztira, lehen sektoreko espedienteei 1.840 beharginek egin zieten aurre. Aurten, aldiz, soilik bederatzik.

Lan Sailaren irudiko, haatik, ez da adierazgarria erregulazio horiek sektore batean edo beste batean jazotzea. «Arrantzak ere enpleguak sortzen ditu, eta aurten autogintzan pilatu dira eskaerak, baina berdin da», argudiatu zuen Juan Jose Loroño Lan sailburuordeak.

Akordioak eta etetea

Langileentzako egoera traumatikoa eta deserosoa bada ere, onartu diren erregulazio eskaeretan badira ezaugarri ez hain txarrak ere. Esaterako, bost langiletik lauri kontratua eten zaie, baina ez da lan harremana betiko apurtu. Eskaera ia guztietan, %94, sindikatuen eta enpresaburuen arteko akordioak bide eman dio neurriari.

Orain arte soilik bederatzi eskaera utzi ditu alde batera Lan Agintaritzak. Joseba Azkarraga sailburuak, dena den, argi utzi zuen zorrotz jokatuko dutela, eta egoera neurriz kanpo baliatu nahi duten enpresaburuei ere mezua bidali zien: «Krisia ezin da horrekin zerikusirik ez duten arazoak konpontzeko erabili». Era berean, enplegua galtzen dutenei lan merkatura itzultzeko laguntzak iragarri zituen.

Langabezia, gora

Hurrengo hilabeteetan langabezia tasa igoko dela onartu du Lan Sailak, eta datozen hilabeteetan %6 edo %7 ingurukoa izatea espero du. «Duela hiru urte onak ziren kopuruak, baina egungo egoeran kezkagarri bihurtu direnak», Azkarragaren aburuz.

Eusko Jaurlaritzak aurrekontu proiektuan egin duen aurreikuspen ofizialari eusten dio, ordea. Horren arabera langabezia tasa %4,3 izango da, enplegu osoaren edo langabezia teknikoaren mugaren barne (%5etik behera).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.