Iaz baino motelago, baina etenik gabe garestitzen jarraitzen dute hainbat lehengaik nazioarteko merkatuetan; eta horien artean Euskal Herriko industriak erabiltzen diren metal lehengaiek. Adegik Gipuzkoako prentsa agiria plazaratu zuen atzo gaiaz, urteko lehen bost hilabeteetan burdinak, txatarrak eta altzairuak izan duten bilakaera aztertuz.
Burdin minerala %42,9 garestitu da bost hilabete eskasetan. Txatarraren prezioa, berriz, %5 eta %26,4 bitartean handitu da, motaren arabera. Bi lehengaien garestitze horrek ekarri du altzairuarena. Europan karbono-altzairua %28 eta %60 bitartean igo da, produktuen arabera, eta altzairu herdoilgaitza %7 eta %50 artean. Hori guztia, Europako merkatuan altzairuaren gehiegizko hornikuntza bat atzematzen denean.
Iazkoari gehitzen
Prezio hazkunde horiek, gainera, iazko garestitze ikusgarriaren ondotik datoz. Adibidez, txatarra iaz %66 garestitu zen batez beste, eta burdina ia %30.
Orotara, industriarako lehengai metalikoen prezioak urtarriletik maiatzera artean urtearteko %9,4ko igoera izan du eurotan (iaz %25,3 garestitu ondoren), eta %15,6koa dolarretan. Dolarretan, esaterako, zinka %22 garestitu zen, kobrea %19, nikela %16, eta aluminioa %13. Zerk eragiten du prezioen igoera hori? Adegiren ustez, egoeraren eragile nagusiak Txinako industriaren hazkunde ikusgarria eta neurri berean herrialdeari handitzen ari zaion inportazio beharra dira. Iaz bezala, aurten ere Txinak aluminioa edo zinka bezalako oinarrizko lehengaien munduko kontsumitzaile handiena izaten jarraitzen du, bere industriaren %11ko hazkundeak (lehen hiruhilekoan) elikatu behar dituelako. Metalez gain, erregaien garestitzeari ere antzeman diote Euskal Herriko enpresek. Urteko lehen bost hilabeteetan %22 garestitu zen petrolioa eurotan, eta iazko epe berean %38,2 igo zela. Euroak dolarrarekiko trukean balioa galtzen badu, garestitzea gehiago nabarituko da Europan.Lehengaien garestitzea hori negoziatzea zail du Gipuzkoako enpresen gehiengoak bere neurri txiki eta ertainarengatik, eta garestitze hori beren azken prezioetara eramatea ere ia ezinezko dute. Adegiren arabera, kostu egituretan kaltea nozitzen ari dira Gipuzkoako industria enpresak. Epe ertainera gauzek horrela jarraitzea aurreikusten du eta, ondorioz, erosketen kudeaketak enpresetan duen berebiziko garrantziaz ohartarazi du.
LEHENGAIAK
Industriarako metalen prezioek goranzko bidean jarraitzen dute
Lehengaien garestitzeak enpresetan izan dezakeen eragin negatiboaz ohartarazi du Adegi patronalak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu