Industriaren ekoizpenak %22,7 egin du behera urtarrilean EAEn

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomia gehienez %0,4 haziko dela aurreikusi dute Eusko Ganberek

Mikel Carramiñana.
2009ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Krisialdiak euskal ekonomiaren motor nagusia etengabe astintzen jarraitzen du. Industriak berrriro ere atzera egin zuen urtarrilean Euskal Autonomia Erkidegoan; %22,7, hain zuzen. Arrazoietako bat da eskari apalak direla-eta hainbat lantegik ohi baino opor luzeagoak izan zituztela Gabonetan.

Eustaten arabera, Arabako industriak 2008ko urtarrilean baino %27,4 gutxiago ekoitzi zuen, Bizkaiko industriak %22,4 gutxiagoa eta Gipuzkoako lantegiek %20,6 gutxiagoa.

Urtearteko jaitsiera industriaren sektore guztietan gertatu da. Energiak izan du beherakadarik apalena (%9,7), eta tarteko ondasunek, berriz, handiena (%27,9). Ekipo ondasunek eta kontsumo ondasun iraunkorrek ere jaitsiera nabarmena izan dute: %23,4 eta %25,3, hurrenez hurren.

Abenduko datuarekin alderatuta ere atzera egin du EAEko industriaren ekoizpenak, %1,3. Gipuzkoako industriak, alabaina, abenduko mailari eutsi dio, %0,1 bakarrik galduta. Hilabetean, sektore guztietan egin du atzera industriak, tarteko eta kontsumo ez-iraunkorreko ondasunetan izan ezik, horien ekoizpena %0,1 eta %1,1 hazi baita abendutik urtarrilera.

Nafarroako industriak, urtarrileko datuen zain, %2,4 gutxiago produzitu zuen 2008an aurreko urtean baino. Nafarroako Estatistika Institutuaren arabera, iazko abenduko jaitsiera %18,6koa izan zen, 2007ko abenduko ekoizpenaren alderatuta. Sektorerik kaltetuena tarteko ondasunena izan zen, ia heren bat (%30,1) galdu baitzuen urtebetean. Sektore gutxik egin zuten gora epe horretan. Energia %5,5 hazi zen, eta garraiorako materialen sektoreak, berriz, %1,7 gehiago produzitu zuen.

Enpresen aurreikuspenak

Eustatek industriaren datuak zabaldu dituen egun berean jakinarazi dituzte Eusko Ganberek Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako enpresaburuen aurtengo aurrei- kuspenak. Hiru lurraldeetako merkataritza ganberak biltzen dituen erakundeak eginiko txostenaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko barne produktu gordina (BPG) %0 eta %0,4 bitartean haziko da aurten. Iazko abenduan, %0,7ko hazkundea espero zutela esan zuten Eusko Ganberek. Orduan eta atzo plazaratutako oharraren bidez, ekonomiaren hazkundea «munduko eta inguruko herrialdeen bilakaeraren araberakoa» izango dela ohartarazi zuten.

Ganberak txostenean ezkor azaldu dira enpresa txikien etorkizunari buruz. 250 langiletik gorako enpresen ugazabak dira baikorrenak, inkestan parte hartu dutenen %38k uste baitute irabaziak izango dituztela. Enpresa guztiak hartuta, hamarretik bik ere ez dute espero irabaziak izango dituztenik aurten. Krisialdiak kalte handiena eraikuntzari eta industriari egingo diela jasotzen du txostenak.

Enpleguari dagokionez, inkestan parte hartu duten 1.222 enpresetatik %57k uste dute lanpostu berriak sortuko dituztela. Baikorrenak zerbitzu eta merkataritza sektoreetakoak dira. Enplegua galtzea espero dutenen artean, berriz, industria eta, batez ere, eraikuntza sektoreko enpresak daude.

EAEko enpresaburuek konfiantza galdu dutela egiaztatu dute Eusko Ganberek txostenean. Ugazaben %62 ezkor azaldu dira 2009. urteari begira.

Inbertsioari dagokionez, azkenik, 2008ko mailari eutsiko diotela uste dute gehienek. Zerbitzu sektoreko enpresaburuak dira inbertsioa areagotuko dutela erantzun duten bakarrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.