Prezioak

Inflazio negatiboan sartu da Hego Euskal Herria

Prezioak duela urtebete baino %0,1 txikiagoak izan ziren martxoan.

Iker Aranburu.
2014ko apirilaren 12a
18:28
Entzun

Duela hilabete batzuk iritsi ziren inflazio tasa negatiboak Espainiara, eta orain Hego Euskal Herrira ere hedatu dira. Nafarroaren eragina izan da batez ere, han kontsumo prezioen indizea duela urtebete baino %0,7 txikiagoa baita. Beste hiru lurraldeetan tasa positiboak daude, baina gero eta txikiagoak: %0,1 Araban eta Bizkaian, eta %0,2 Gipuzkoan. 

Elikagaiek eragin dute neurri handi batean inflazioaren jaitsiera. Martxoan %0,9 jaitsi dira, eta tasa negatiboan sartu dira lau lurraldeetan. Garraioa, etxeko beste tresnak, komunikazioa eta aisialdia ere iaz baino merkeago daude. Garestitzen jarraitzen dute, berriz, edari alkoholdunek eta tabakoak, ostalaritzak, irakaskuntzak eta botikek.

Prezioak jaisteak berri ona dirudi, eta hala da soldata izoztua dutenentzat edo jaitsi dietenentzat; baina ekonomia orokorrarentzat baditu bere arriskuak. Izan ere, kontsumo eta inbertsio erabakiak atzera ditzake, enpresak eta herritarrak prezio are merkeagoen zain egotera bultza ditzakeelako. Horrek jarduera ekonomikoa geratzen du, eta deflazioaren gurpil zoroa eragiten du, jarduera eskasago horrek prezioak gehiago jaistea ekartzen duelako. Deflazioak oso eragin txarra du zorpetuta daudenengan ere, beren zorrak handitzen dituelako.

Prezioen jaitsiera orokor baten arriskuez ohartarazten darama aste osoa Christine Lagarde Nazioarteko Diru Funtseko zuzendariak ere. Ekonomia sustatzeko —eta horrekin prezioak igotzeko— neurriak berehala hartzeko eskatu dio Europako Banku Zentralari. Azken horrek, baina, ezer ez egitea erabaki zuen joan den asteko bileran. Onartu egin zuen, ordea, zenbait neurri aztertzen ari dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.