KPI-a

Inflazioa %5,6ra jaitsi da urte amaieran, baina elikagaiak %15,2 garestitu dira

Hego Euskal Herrian, energiaren merkatzeak beste puntu bat kendu dio urte arteko inflazioari. Azukrea %67 garestitu da; olioa, %41, eta esnea, %38. Soldata gehienak inflazioaren azpitik hazi dira

Elikagaiak dira orain inflazioaren motor nagusia. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Iker Aranburu.
2023ko urtarrilaren 13a
09:29
Entzun

Beheranzko joerarekin bukatu zuen inflazioak 2022. urtean. INE Espainiako estatistika institutuaren datuen arabera, KPI kontsumo prezioen indizea %6,7tik %5,6ra jaitsi zen azarotik abendura Hego Euskal Herrian. Inflaziohandia da, baina 2021. urtekoa baino txikiagoa da, orduan %6,7an bukatu baitzuen urtea.

Inflazioak gorakada handia izan zuen urtearen lehen erdian, eta uztailean jo zuen goia, %10,7ra iritsi baitzen. Orduz gero, behera egin du, hura puztu zuen energiaren garestitzeak indarra galdu ahala. Are gehiago, argindarra eta gasa duela urtebete baino merkeago daude orain. INEk Berokuntza, Argiztapena eta Ura izeneko atalean ematen ditu datu horiek erkidegoka, eta indize horrek %10,4 egin du behera azken urtean. Martxoan, Ukrainako gerra hasi berritan, %68,4 haztera iritsi zen, aldi berean ari zirelako garestitzen argindarra eta gasa.

Erregaiak, berriz, 2021eko abenduan baino %6,2 garestiago izan ziren iazko abenduan. Ekainean, %39,7 garestiago ere izan ziren; Brent petrolio upela 120 dolarretik gora salerosi zen hilabete hartan, baina 2022. urtean 85 dolarren bueltan bukatu zuen, eta antzeko prezioan salerosten ari ziren atzo ere.

Elikagaiek goia jo dute

Baina bada oraindik ere oso goian dagoen atal bat —elikagaiena—, eta haren garrantzia oso handia da, diru-sarrera apaleko familiek proportzionalki besteek baino gehiago gastatzen dutelako atal horretan. INEren arabera, duela urtebete baino %15,2 garestiago daude orain. Badirudi, ordea, elikagaien garestitzeak ere goia jo duela, azken bi hilabeteetan pixka bat apaldu delako haren igoera —%15,7 garestitzen ari ziren urrian—.

Azukrea da azken urtean gehien garestitu den elikagaia, %67 hain zuzen ere. Haren atzetik doaz olioak eta koipeak (+%41), esnea (+%38), arrautzak (+%33,8), zerealak (+%22,5) eta esnekiak (+%21,7). Haragien artean, oilaskoa da gehien garestitu dena (+%13,8). Ardikia, berriz, %1,4 merkatu da.

Inflazioaren datu orokorra apaltzen ari bada ere, garbi dago inflazioa ekonomiaren atal gehienetara igaro dela. Izan ere, azpiko inflazioak, elikagai freskoak eta energia aintzat hartzen ez dituenak, goranzko joerari eusten dio: bost hamarren egin du gora abenduan, %6,7ra arte.

ELAk argi du azalpena: «Azpiko inflazioaren etengabeko igoerak erakusten du enpresak kostuen igoera produktuen eta zerbitzuen azken preziora eramaten ari direla. Enpresak egoera aprobetxatzen ari dira etekinak handitzeko».

Soldatak, azpitik

%5,6ko inflazioaren ondorioetako bat da langileen zati handi batek erosteko ahalmena galdu duela 2022. urtean, soldatak ez baitira hein horretan handitu. INEren beraren arabera, lan hitzarmenen araberako soldatak %5 hazi dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %4,5 Nafarroan. Lan Harremanen Kontseiluaren azterketek, ordea, datu apalagoa ematen du Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako: %3,77.

Pentsioak, berriz, %2,5 handitu ziren 2022an, eta %8,5, berriz, 2023 hasieran, horixe izan baita Espainiako batez besteko inflazioa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.