Inflazioak %3,5ean jarraitu du, petrolioak eta arropek bultzatuta

Prezioak %0,9 garestitu dira otsailetik martxora Hego Euskal Herrian, energiaren eta udaberriko jantzien eraginez batez ereInflazioaren jaitsiera uztailetik aurrera hasiko dela uste du Espainiako Gobernuak

jakes goikoetxea
Donostia
2011ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Petrolioaren prezioen igoerak eragina du oraindik ere ekonomiaren gainerako jarduera gehienetan, eta, ondorioz, baita herritarren poltsikoetan ere: martxoko inflazioa %3,5ekoa izan da Hego Euskal Herrian, otsailekoaren parekoa. 2008ko urritik izandako handiena da. Prezioak %0,9 garestitu dira otsailetik martxora, eta hamarren bat merkatu urte hasieratik. Inflazioa hamarren bat igo da Araban (%3,7) eta Nafarroan (%3,6), parean mantendu da Bizkaian (%3,6) eta hamarren bat jaitsi da Gipuzkoan (%3,3).

Energia duela urtebete baino nabarmen garestiago dago, eta horrek eragin zuzena du ekoizpen prozesu gehienetan. Eta zenbat eta ekoizpen garestiagoa, produktu garestiagoa.

Alde batetik, petrolioaren prezioa igo da, herrialde arabiarretako iraultzen eraginez —Brent upela 120 dolarren bueltan dago—. Bestetik, argindarrarena, Espainiako Gobernuak urte hasieran indarrean jarritako %10eko igoeraren ondorioz. Erregaien, argindarraren eta gasaren prezioa duela urtebete baino askoz ere garestiagoa da Hego Euskal Herrian: %20,1 garestiago Nafarroan, %16,8 Bizkaian,%16,4 Araban eta %15,8 Gipuzkoan.

Energiak prezioen igoeran duen eragina ikusteko argigarria da azpiko inflazioaren datua, energiaren eta elikagai gordinen prezioak aintzat hartzen ez dituena. Hamarren bat jaitsi da Espainian. %1,7koa da; hau da, inflazioaren erdia. Bien arteko aldea ia bi punturena da.

Otsailetik martxora izan den prezioen igoeran eragin zuzena izan dute oinetakoen eta arropen prezioen igoerek. Urtarrileko merkealdia eta negua amaituta, udaberriko eta udako arropak daude erakusleihoetan. Otsailetik martxora arropa nabarmen garestitu da Hego Euskal Herriko probintzia guztietan: %5,5 Gipuzkoan, eta %5,4 Bizkaian eta Nafarroan. Araban, %0,8. Zapatak %4tik gora garestitu dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Dena den, bai arropak bai oinetakoak %10 inguru merkatu dira urtea hasi denetik.

Hotelak eta ostatuak

Otsailetik martxora gehien garestitu den beste ataletako bat hotelena eta bestelako ostatuena da: %6,4 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Gehiago garestituko dira datozen hilabeteetan, Aste Santuaren eta udako oporren eraginez.

Tabakoaren prezioaren igoera ere adierazgarria da: urtebetean %19,9 garestitu da Hego Euskal Herrian. Espainiako Gobernuak iazko abenduan onartu zuen tabakoaren prezioa igotzea, 25-40 zentimo artean tabako kaxa ezagunenenak, zerga bilketak eragindako zuloa pixka bat betetzeko asmoz.

Eta noiz arte iraungo du inflazioaren hazkundeak? Espainiako Gobernuak uste du uztailetik aurrera baretu egingo dela, orduan amaituko delako BEZaren igoeraren eragina. Eragina estatistiketan, ez herritarren poltsikoetan. Espainiako Gobernuak balio erantsiaren gaineko zerga (BEZ) bi puntu igo zuen uztailetik aurrera, %16tik %18ra.

Soldaten igoera jokoan

Prezioen igoera soldaten igoerari buruzko eztabaida betean gertatzen ari da: alde batetik, enpresaburuen elkarteak eta Espainiako Gobernua soldaten igoera apalak eskatzen ari dira, ez behintzat prezioen igoeraren parekoak; bestetik, sindikatuek KPIaren neurriko edo KPItik gorako soldata igoerak nahi dituzte, langileek erosteko ahalmena ez galtzeko.

ELAk, esaterako, gogorarazi du prezioen igoera eta soldatena ez datozela bat. Handiagoa dela prezioena soldatena baino. Horregatik, langileek erosteko ahalmenik ez galtzeko, KPIaren gainetik dauden soldata igoerak eskatu ditu sindikatuak.

Espainiako CCOOk eta UGTk uste dute «inoiz baino beharrezkoagoa» dela lan hitzarmenetan soldatak berrikusteko klausulak sartzea, langileak erosteko ahalmena galtzen ari direlako eta prezioen eta soldaten igoeren arteko aldea berdintzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.