Uztaileko maila berean eutsi dio urte arteko inflazioak abuztuan ere Hego Euskal Herrian: %1,6an. Lurraldeka, uztailetik abuztura, KPI kontsumo prezioen indizeak %0,3 egin du gora Araban eta Bizkaian, eta %0,2 Gipuzkoan. Behera egin du, ostera, Nafarroan: -%0,3. Hartara, lurraldeka honela geratu da urte arteko inflazio tasa: %2koa Araban, %1,8koa Bizkaian, %1,7koa Gipuzkoan, eta %1ekoa Nafarroan.
2017ari erreparatuz gero, inflazioak maldan behera egin du urtarrilaz geroztik: urtarril eta otsailean, %2,9ra ailegatu zen —tasarik handiena 2008ko krisiaz geroztik—, argindarra eta petrolioa nabarmen garestitu zirelako. Baina, urteak aurrera egin ahala, merkatu egin dira biak, eta apaldu egin da inflazioa. Momentuz, urte arteko tasak ekainean jo zuen mailarik apalena (%1,4), bi hamarren egin zuen gora uztailean (%1,6), eta maila horretan eutsi dio abuztuan ere.