Inflazioak, negatiboa den arren, gora egin du abuztuan

Uztailetik abuztura KPIak %0,4 egin du gora Hegoaldean, eta Bizkaian inflazioa positiboa da dagoeneko

Erredakzioa
Donostia
2009ko irailaren 12a
00:00
Entzun
Uztaileko beherakadaren ostean, abuztuan prezioek zertxobait egin dute gora Hego Euskal Herrian: uztailetik %0,4 igo dira.Gorakada inflazioan ere islatu da. Laugarren hilabetez negatiboa izaten jarraitzen duen arren, pixkana errekuperatzen ari da. Hala, uztailean %0,9 jaitsi zen, eta abuztuan %0,3ko beherakada izan du. INE Espainiako Estatistika Institutuak eman zituen datu horiek, atzo.

Abuztuko igoera bi faktorek eragin dute. Batetik, merkealdia aipatu behar da. Uztailean arroparen eta oinetakoen merkatzeak eragin zuen prezioak horrenbeste jaistea, baina abuztuan ia amaitu egin dira deskontuak sektore horretan.

Bestetik, berriz, petrolioaren garestitzea aipatu behar da. Izan ere, azken hilabeteetan maila berdintsuan mantentzen ari den arren, iazko Brent upelaren prezioaren eta aurtengoaren arteko aldea ez da uztailean bezain handia: iazko abuztuan 114 dolarretan zegoen upela, eta aurtengoan, berriz, 70 dolarren bueltan. Hain zuzen, iazko uztailean iritsi zen inoizko mailarik handienera Brent upela: 130 dolarreko batez bestekoa izan zuen. Horrenbestez, inflazioa errekuperatu egin da zertxobait, eta Bizkaian, gainera, positiboa da dagoeneko (%0,1).

Txanponaren kontrako aldean, berriz, Nafarroa dago, %1,2 jaitsi baitira prezioak iazko abuztuarekin alderatuta. Inflazioak, gainera, seigarren hilabetea bete du zeroz azpitik.

Negoziatzeko garaia

Prezioen igoera horrekin ia guztiek baztertu dute deflazioaren mamua. Elena Salgado Espainiako Ekonomia ministroak adierazi duenez, urte amaieran inflazioa positiboa izatea espero dute. Zehazki, zeroz gainetik hamarren batzuk igoko dela uste du.

Sindikatuek ere Kontsumorako Prezioaren Indizearen gorakada kontuan izan dute. UGT-Euskadik, esaterako, «behin deflazioaren arriskutik urrunduta» elkarrizketa soziala berreskuratzeko garaia dela adierazi du, «langileen artean konfiantza sortzeko eta kontsumoa indartzeko datozen hilabeteetan».

Euskadiko CCOOk,berriz, Gobernuak eta patronalak KPIaren bilakaera aprobetxatu behar dutela iritzi dio, «ekonomiaren suspertzeari aurre egiteko». Enpresen irabaziak berriz inbertitzeko eta ikerketa eta garapenaren alde egiteko eskatu du. Bestalde, soldata txikienak EBZk inflazioari buruz egindako aurreikuspenen arabera handitzeko eskatzen jarraituko duela esan du sindikatuak. Alegia, %2ko igoera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.