KPI

Inflazioak tasa negatiboari eutsi dio bosgarren hilabetez

Aurreko hilearekin alderatuta, Hego Euskal Herriko prezioak %0,5 garestiago daude, etxebizitzen igoeraren eraginez. Urteko lehen seihilekoan -%0,1eko jaitsiera pilatua daramate salneurriek.

Etxebizitzak, Gasteizko Zabalgana parkearen parean. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS
Oihan Vitoria.
2016ko uztailaren 13a
14:21
Entzun

Maiatzetik ekainera %0,5 garestitu dira prezioak Hego Euskal Herrian. Etxebizitzek izan dute gorakada handiena: %2,2 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %2,3 Nafarroan. Aisialdiarekin eta kulturarekin lotutako ekintzak %1,3 garestitu dira, eta garraioaren prezioa ere igo da —%1 eta %0,9, hurrenez hurren—, erregaia garestitzearen ondorioz. Elikagaiak, tabakoa, edari alkoholdun eta ez alkoholdunak, berriz, praktikoki berdin mantendu dira.

Martxoaz geroztiko prezioen igoera orokortu hori, baina, ez du aski izan inflazioak tasa negatibotik irteteko, 2016ko lehen seihilekoan -%0,1eko jaitsiera pilatua baitaramate prezioek, batez ere urte hasierako kolpearen erruz. Hala, ekainean ere eutsi egin dio hilabeteotako joera negatiboari, eta urte arteko bilakaerari erreparatuta bi hamarren apaldu da, -%0,5eraino.

Bosgarren hilabetea da segidan kontsumo prezioen indizea negatiboan dagoela; otsailean ekin zion beheraldiari. Inflazio negatibo handiena Nafarroak du (-%0,7), eta Bizkaiak txikiena (-%0,5). Tartean daude Araba eta Gipuzkoa, bietan -%0,6 baita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.