Nahiz eta oraindik oso argi ez egon Erresuma Batua Europako Batasunetik ateratzeko prozesua abiatzeak zein kalte egin dion ekonomiari, Ingalaterrako Bankuak neurriak hartzea erabaki du. Interes tasak puntu laurden bat jaitsi ditu, %0,25eraino.
2009ko martxotik zeuden interes tasak %0,5ean, ordura arteko maila apalenean. Hilabete horretan ere quantitative easing izeneko programa martxan jarri zuen Erresuma Batuko banku zentralak; hau da, zor publikoa eta beste finantza aktibo batzuk erosten hasi zen. Horren helburua da zor publikoaren truke ordaindu beharreko interesak jaistea, eta bankuei likidezia ematea (diru freskoa), herritarrei eta enpresei interes txikietan utz diezaieten. Programa horrek arrakasta izan du: Erresuma Batua izan baita kontinenteko mendebalde osoan gehien hazi den herrialdea, eta langabezia maila txikian mantendu ahal izan du.
QE programa 2012ko azaroan eten zuen Ingalaterrako Bankuak, bere lana egin zuela uste baitzuen. Orain berriro jarriko du martxan. Guztira 375.000 milioi libera esterlina inprimatu zituen Ingalaterrako Bankuak ekonomia laguntzeko, 450.000 milioi euro gaur egungo prezioan. Orain beste 70.000 milioi libera gastatuko ditu banku zentralak, eta aurrekoetan ez bezala, enpresen zorra ere erosiko du.
Ingalaterrako Bankuko gobernu batzordeko bederatzi kideek eman dute interes tasak jaistearen alde. QE programa zabaltzeari buruzko bozketan iritzi desberdinak izan dira: seik bozkatu dute alde, eta hiruk, berriz, aurka.
Gobernua, pozik
Phillipp Hammond Ekonomia ministroak txalotu egin du banku zentralaren erabakia: "EB uzteko botoak ziurgabetasun aro bat zabaldu du. Egokia da aro honetan diru politikaren bidez ekonomiari bultzada bat ematea".
Erresuma Batuko ekonomia gehiago okertuz gero, Ingalaterrako Bankuak ez du baztertu diruaren prezioa are gehiago jaistea. Europako Banku Zentralak %0n ditu interes tasak, eta maila horretan egon dira aurten arte Estatu Batuetan ere, baina han dagoeneko hasi dira igotzen.
Brexit-ari buruzko erreferendumaren ustekabeko emaitzak ez du batzuek iragarritako shock bat ekarri finantza merkatuetara. Burtsek zartako handi bat hartu zuten erreferendumaren emaitza jakin berritan, baina orduz gero galdutakoa berreskuratu dute. Libera esterlinak, ordea, bere balioaren %10 inguru galdu zuen dolarrarekiko eta euroarekiko, eta maila horri eutsi dio. Gaurko erabakiaren ondoren, berriro beheranzko joera hartu du.