Batez besteko hipoteka -160.000 euro, 30 urtean itzuli beharrekoak eta %0,5eko diferentzialarekin- itzuli behar duenak hilean 572 euro pagatuko ditu hurrengo urtean, azken urtean pagatu duena baino 375 euro gutxiago. Urtean 4.500 euro aurreztuko ditu, beraz.
Hori, noski, baldin eta banku edo aurrezki kutxak gutxieneko mugarik jarri ez badio Euriborraren jaitsierari. Klausula horiek ugaritu egin dira azken urtean emandako maileguetan, interes tasak behera egin ahala, bankuek irabazi marginari eutsi nahi ziotelako. Muga horiek ezabatzen saiatzea aholkatu diete kontsumitzaileen elkarteek bankuetako bezeroei. Adicae bankuen erabiltzaileen elkarteak salatu duenez, azken urteotan izenpetutako mailegu hipotekarioen %80k du antzeko klausula bat.
Euriborraren jaitsierari esker, azken hilabeteotan ia hilero handitu da aurreko hipotekarekiko aldea. Baina oso litekeena da hurrengo hilabeteotan aldea murrizten hastea. Izan ere, iazko urrian hasi zuen beheranzko bidea Euriborrak, Europako Banku Zentralak, AEBetako Erreserba Federalak eta beste zenbait banku zentralek finantza-sistema laguntzeko ezohiko neurriak hartzea erabaki zutenetik. Berez, urriaren 2an jo zuen goia, %5,526rekin, baina hortik aurrera, ia-ia egunero, jaitsi egin da, bankuen arteko konfiantzak gora egin ahala. Iazko urria %5,248an bukatu zuen.
Aurtengo irailean ere beheranzko joerari eutsi dio: %1,302an hasi zuen hilabetea, eta %1,236ean amaitu du. Astelehenean iritsi zen inoizko kotizazio txikienera, %1,235era.
Aditu guztiak bat datoz hurrengo asteotan eta hilabeteotan antzeratsu geratuko dela, askozgehiago jaisteko tarterik ez duelako. Izan ere, Europako Banku Zentralak %1 mailegatzen die dirua banku pribatuei, eta etekina egin nahi badute, bi interesen arteantarte bat gorde behar dute.
Inondik inora ere ez da espero EBZk diruaren prezioa gehiago merkatzea. Krisiaren unerik okerrenean, urte honetako lehen erdian, interesak jaisten aritu bada -%2ra zeuden urtarrilean eta %1era maiatzaren 13az geroztik- , orain, gauzak hobetzen ari direnean ez du arrazoirik are gehiago jaisteko. Azkeneko agerraldietan, Jean Claude Trichet EBZko presidenteak ez du erabat baztertu gehiago jaisteko aukera, baina aldi berean garbi utzi du ez dagoela horren alde, maila batetik behera diru politikak eragina galtzen duela uste baitu.
NDFren oharrak
Euroaren eremuko ekonomiak hobera egiten jarraitzen badu, baliteke udaberrian igotzea berriro interes tasak, inflazioari aurre egin ahal izateko. Horrek ekar dezake, adituen arabera, Euriborra otsailean edo martxoan hastea goranzko bidea. Oraingoz, ordea, inflazioa ez da arazo. Eurostatek atzo zabaldutako datuen arabera, aurtengo irailean iazkoan baino %0,3 txikiagoak ziren prezioak.
Interes tasak igotzeko goiz dela ohartarazi zuen atzo Nazioarteko Diru Funtsak, Istanbulen egingo duen batzarraren aurretik. NDFk uste du egoerak hobera egin duela nabarmen, baina ekonomiak berriro ere beheranzko bidea hartzeko arriskua badagoela ohartarazi du. Hori hala izan daiteke baldin eta interes tasak berriro igotzen badira, edo gobernuek gastuari eusteko ahalegina murrizten badute.
Etxebizitza libreen prezioak %12 egin du behera azken urtean
Euriborraren jaitsierarekin batera, beste berri on bat jaso dute azken urtean etxebizitza erosten saiatu diren herritarrek: prezioek beherantz egin dute. INEk atzo zabaldutako datuen arabera, urteko bigarren hiruhilekoan %12,6 jaitsi zen merkatu libreko etxebizitzen prezioa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 2008koekin alderatuta. Nafarroan, %11,3 jaitsi dira prezioak. Jaitsieraren erdia inguru 2008ko bigarren erdian gertatu zen, eta bestea aurtengo lehen erdian. Horrela, urtarriletik hona %6 merkatu dira merkatu libreko etxebizitzak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %5,5, berriz, Nafarroan. Azken lurralde horretan moteldu egin da etxebizitzen prezioen beherakada, lehen hiruhilekoan baino %0,7 txikiagoak baizik ez zirelako. Jaitsiera %2koa da beste hiru lurraldeetan.Etxebizitza berriak baino gehiago merkatu dira bigarren eskukoak. Hego Euskal Herriko daturik ez du eman INEk, baina bai, ordea, Espainiakoak. Horien arabera, iaz baino %11,2 merkeago dira bigarren eskukoak eta %3,9 merkeago berriak. Hegoaldean ere tartea antzekoa izan bada, bigarren eskukoak %15 inguru merkatu izango dira.