Uztailean ere behera egin du hipotekak kalkulatzeko erreferentzia nagusiak, Euribor indizeak. Zortzigarren hilabetez jarraian jaitsi da, eta inoizko tasarik txikienean da: uztaileko batez bestekoa %1,061 izan da. Duela urtebete, %2,183 zen. Euriborra erabiltzen denetik izandako apalena izan zen atzoko tasa ere: hain zuzen ere, %0,946.
Ekainetik hamarren bat baino gehiago egin du behera, eta urtebetean puntu bat jaitsi da. Hori hala, uztaileko batez bestekoarekin, hogei urteko hipoteka orain berritu behar dutenei mailegua %10 inguru merkatuko zaie batez beste; 25 urtekoa dutenei, %12; eta 30 urtekoa dutenei, ia%14.
Uztailaren lehen egunetan, interes tasak %0,75etik %0,5era jaistea erabaki zuen Europako Banku Zentralak maileguekin ekonomia suspertzeko eta bankuak bultzatzeko elkarri dirua uztera. Jaitsiera horren barruan, Euriborrak ere beheranzko joerari eutsi dio. Aurreikuspenak betez gero, behera egingo du datozen hilabeteetan ere, espero baita EBZk interes tasak jaistea.
Euroguneko bankuek elkarri dirua uzteko duten interesa da Euriborra. Hipotekak eta luzerako maileguak kalkulatzen dira indize horrekin. Izan dezakeen joera EBZk hartutako erabakien araberakoa da. Hortaz, interes tasak jaistea erabakitzen badu, Euribor indizea jaitsi egingo da, eta alderantziz.
Krisia mugarri
Euriborraren jaitsierak on egingo die batez eremaileguak krisiaren aurretik hitzartu zituztenei. Izan ere, interes tasak jaitsi ahala eta beren egoera okertu ahala, maileguak emateko baldintzak okertu dituzte bankuek:krisiaren aurretik, diferentzial txikiagoarekin lortu zituzten maileguak, eta egun, askotan, Euriborraren gutxieneko muga bat zehazten dute banku askok maileguak hitzartzean. Hala, indizearen jaitsierarengatik gal dezaketenari egin nahi diote aurre.
Hipotekak ez ezik, Fotocasa.es webgunearen arabera, bigarren eskuko etxebizitzak ere merkatu egin dira uztailean, ekainarekin alderatuta. Hego Euskal Herrian, batez beste, %0,8 jaitsi dira salneurriak.
Inoizko tasarik txikienean amaitu du Euriborrak uztaila
Hipoteka berrikusi behar dutenei mailegua %10-14 merkatuko zaie batez beste, izandako jaitsieragatik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu