Ustekabeko erabakia hartu du Europako Banku Zentralak. Agian abenduan interes tasak jaitsiko zituela uste zuten merkatuek, baina erabaki hori hilabetez aurreratu du Mario Draghi buru duen erakundeak. Horren ondorioz, azaroaren 13tik aurrera interes tasa ofizialak %0,5etik %0,25era jaitsiko dira. Draghik onartu du EBZko kide guztiak ez zeudela ados interes tasak orain jaistearekin, eta batzuek nahiago zutela abendura arte itxaron. Orokorrean, interes tasak jaitsi behar zutela esatean "ahobatekotasuna" izan dela azaldu du EBZko buruak. Horrek esan nahi du Bundesbankek iritziz aldatu duela, Alemaniako banku zentralak askotan ohartarazi duelako diru merkeegiaren arriskuei buruz.
Erabaki horren bidez ekonomiari beste bultzada bat eman nahi dio EBZk, eurogunea atzeralditik atera arren, hazkundea oso motela delako. Banku zentralak ez du inflazio arriskurik ikusten: urrian %0,7ra jaitsi zen, iraileko %1,1tik. "Inflazio txikiko epe bat biziko dugu", aitortu du Draghik, eta epe erdira edo luzera baizik ez da igoko EBZren helburu historikora (%2tik behera, baina maila horretatik gertu).
Inflazioa baino deflazioa da orain EBZk aurre egin behar dion arazoa. Hau da, prezioak jaistea garai luze batean. Inflazio handiak bezainbesteko arriskua du deflazioak, inbertsioak eta kontsumoa atzeratzen dituelako eta, hortaz, atzeraldia ekarri dezakeelako. Draghik, baina, baztertu egin du prezioak herrialde guztietan denbora luzaz jaitsiko direnik. "Oro har, ez dugu deflaziorik espero. Inflazio txikiko epe luze bat espero dugu", epe hori zenbatekoa izan daitekeen argitu nahi izan gabe.Grezian prezioak jaisten ari dira uztailaz geroztik, baina hori "neurri batean" egokia dela ziurtatu du, ekonomia berrorekatzen ari delako horrela.
Hortaz gain, EBZk erabaki du bankuei behar besteko likidezia emango die 2015 erdialdera arte gutxienez. Gero eta banku gutxiago baliatzen ari dira sistema hori beren burua finantzatzeko, baina badaezpada ere aukera hori irekita utzi nahi ditu, diru iturri hori gabe tentsioak itzuli daitezkeela ohartzen baita.
Interes tasen jaitsiera berri txarra da aurrezleentzat, are gutxiago pagatuko dietelako beren diruaren truke. Baina berri ona da mailegu hipotekarioak dituztenentzat, Euriborra are gehiago jaistea ekarriko duelako. Gaur %0,534an itxi du indize horrek, azken hilabeteotako antzeko mailan. Maiatzean jo zuen behea (%0,484 batez beste), baina gero pixka bat igo zen, merkatuek ulertu zutelako interes tasak gehiago jaisteko aukerak txikitu zirela.
Hazkundea "oso desorekatua eta ahula" dela onartu du Draghik, eta langabezia oso handia dela. Edonola ere, "goian bada ere", orekatzen ari dela aipatu du.
Euroguneko merkatuen arteko haustura gutxitzen aritu dela esan du Draghik, eta txalotu egin du txukun doazen herrialdeetako bankuak hasi direla larri dabiltzan estatu batzuetako bankuei dirua uzten. Interes tasak gehiago jaisteak haustura hori txikitzen lagunduko duela espero du.
Baikortasuna ez da nabari
Ekonomia suspertzen ari dela erakusten duten gero eta zantzu gehiago daudela esan zuen Olli Rehn Europako Batzordeko Ekonomia komisarioak asteartean. Baikortasun hori, ordea, ez da askorik nabari Bruselak egindako aurreikuspenei buruzko txostenean.
Esan zuen ekonomiak %0,4ko atzeraldia izango duela aurten eurogunean —mantendu egin du udaberrian emandako kopurua—, eta %1,1 haziko dela hurrengoan —aurrez esan baino hamarren bat gutxiago—. Enpleguaren sorrera nabaritzeko 2015era arte itxaron beharko dela nabarmendu zuen asteartean, eta ekonomia %1,7 haziko dela.
Defizitari dagokionez, Bruselak uste du urtea amaitzerako BPGaren %3an kokatuko dela, eta herrialdeen batez besteko zorra %96koa izango dela. Garaipenaz hitz egiteko "goizegi" dela nabarmendu zuen Rehnek, besteak beste, langabeziak "maila onartezinetan" jarraitzen duelako. Aurtengo nahiz datorren urterako %12,2ko tasa aurreikusi du —gaur jakin da Hego Euskal Herrian %17,7koa dela—.
Ehunekotan, Zipre (-%8,7), Grezia (-%4), Eslovenia (-%2,7), Italia eta Portugal (-%1,8) eta Espainia (-%1,3) dira aurten gutxien haziko diren herrialdeak. Gehien, berriz, Letonia (%4), Lituania (%3,4) eta Errumania (%2,2) haziko dira. Bruselak AEBen, Txinaren eta Japoniaren hazkunde prebisioen berri ere eman du txostenean: AEBen hazkundea %1,6koa izango da; Txinarena, %7,5ekoa, eta Japoniarena, %2,1ekoa.