Neurri estandarrak bukatzen ari zaizkio Europako Banku Zentralari, eta lehenengo aldiz onartu du «ezohiko» politikak hartuko dituela, maiatzeko bileran zehazki. Atzokoan, EBZko Gobernu Kontseiluak beste puntu laurden batez jaitsi zituen interes tasak, %1,50etik %1,25era.
Adituek eta merkatuek %1era arteko jaitsiera espero zuten, baina maiatzeko bilerara arte itxaron beharko dutehoriek ere. Jean Claude Trichet EBZko presidenteak aitortu zuenez, «%1,25 ez da beheko muga, eta ez dut baztertzen hortik behera egin dezakegunik». Edonola ere, Trichetek nabarmendu zuen diruaren prezioa ez dela inoiz hain merke izan, ez euroa sortu zenetik, eta II. Mundu Gerraz geroztik ez dela oraingo euroguneko herrialde batean hain tasa txikirik izan.
EBZko buruzagitzak beste puntu laurdenez gutxitu zituen beste indizeak: %2,25 kobratuko die bankuei egun batetik bestera behar dituzten maileguak, eta%0,25eko interesa emango die bere kutxetan dirua gordetzen duten bankuei. Azken hori gehiago jaisteko asmorik ez duela gaineratu zuen Trichetek.
Defendatu egin zuen EBZ ez dela atzera geratu neurri ausartetan, eta 2007an dagoeneko onartu zuela mugarik gabeko likidezia ematea bankuei, eta maileguen truke bankuen aldetik «ezohiko» aktiboak onartzen dituela.
Hortik aurreragokoak, datorren bileran hartuko ditugu. Zer? «Badakit galdetuko didazuela, baina hilabete barruko hitzorduan esango dizkizuet», iragarri zien Frankfurteko egoitzan kazetariei, haiek galdetzeko astirik gabe. «Zehaztasunak hurrengoan», esan zuen, kazetariak ohar zitezen ez zuela ezer gehituko.
Oso litekeena da EBZk, AEBetako Erreserba Federalak eta Ingalaterrako Bankuak bezalaxe,quantitative easing edo arintze kuantitatiboa erabiltzea. Hau da,gobernuen eta enpresen zorra edo beste aktibo batzuk erostea, bankuei likidezia eman eta horien interesak jaisteko.
Trichetek onartu zuenez, 2009. urtea «oso ahul» hasi du euroaren eremuko ekonomiak, eta horrela jarraituko du hurrengo hilabeteotan ere: «Oso litekeena da urteko gainontzeko hilabeteetan ere pattal ibiltzea, baina espero dugu 2010ean, apurka-apurka hasiko dela errekuperazioa».
Inflazioari buruz kezkatzeko motiborik ez du ikusi Europako Banku Zentralak. Prezioek jaisten jarraitzen dute, eta otsaileko %1,2tik martxoko %0,6ra jaitsi zen inflazioa. Murrizketa horren zati handi bat petrolioaren beherakadari zor zaionez, eta erregaia iazko udaberrian eta udan bereziki garestitu zenez, inflazioa are gehiago jaitsiko da, eta uda partean negatiboa izatera iritsiko da -dagoeneko hala da Espainian, lehen aldiz neurtzen denetik-. Hala ere, Trichetek baztertu egin zuen deflazioa izango denik -inflazio negatiboa hilabete askotan- eta «aurrerago» prezioek berriro gora egingo dutela iragarri zuen.
Interes tasak %1,25era jaitsi ditu EBZk, eta maiatzerako utzi ditu ezohiko neurriak
Hurrengo bileran diruaren prezioa beste puntu laurden bat jaitsiko duela iradoki du Trichetek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu