Interes tasak %1ean utzi ditu EBZk, eta igotzeko keinurik ez du egin

Greziak euroaren eremua uzteko aukera «zentzugabeko hipotesia» iruditzen zaio Tricheti

Iker Aranburu.
2010eko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Azken zortzi bileretan bezalaxe, interes tasak ez aldatzea eraki zuen atzo Europako Banku Zentralak. Adituak okertzen ez badira, baliteke hurrengo zortzietan ere titulu nagusia ez aldatu behar izatea, tasak %1etik gora jarriko dituzten egunak urrun baitirudi. Datorren urtera arte ez dituela igoko diote ekonomistek.

Euroaren eremuko ekonomiaren aldagai nagusiak ikusita, ez dago diruaren prezioa garestitzeko arrazoi handirik. Inflazioa kontrolpean dago -abenduan %0,9an geratu zen-, eta ekonomia oso motel baizik ez da hazkundera itzuli. Jean Claude Trichet EBZko presidenteak atzo ziurtatu zuenez, errekuperazioa «gorabeheratsua» izango da, eta alde handiak izango dira herrialde batetik bestera. Egoera horren aurrean, ordea, banku zentralak «gobernu guztiak berdin tratatuko» dituela ohartarazi du Trichetek. EBZko buruak batez ere Grezia eta Irlanda zituen buruan, egoera okerrenean dauden herrialdeak baitira. Bati zein besteari espresuki laguntzeko aukera baztertu du Trichetek: «Arazoa ez da EBZren laguntza. Erabaki zuzenak hartzean eta ezartzean dago koska».

Greziak euroa uzteko aukera «zentzugabeko hipotesia» dela aipatu du Trichetek, eta defizit publikoa murrizteko «neurri egokiak» eskatu dizkio Atenasko gobernuari. Horixe bera egiteko asmoa du gaur Bruselan. Greziak zerga berria ezarriko die aberatsei, tabakoaren eta alkoholaren gainekoak igoko ditu, gastu publikoa %10 murriztuko du, eta soldatak izoztuko ditu. Horrela, defizita BPGren %12,7tik %8,7ra jaitsiko du aurten, %5,6ra 2011n eta %2,8ra 2012an.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.