Azken asteotan iradokitako estrategia aldaketari kutsu ofiziala eman zion atzo Europako Banku Zentralak. Udazkenerako espero zen interes tasen igoera ezerezean geratu da, eta, zerbait etortzekotan, tasa horien jaitsiera izango da. Inflazioarekiko kezka bigarren maila batean utzi du euroaren eremuko banku zentralak, kezka are larriago bat baduelako begien aurrean: ekonomiaren moteltzea.
Uda aurreko agerraldietan ekonomiaren bilakaera txukuna nabarmentzen aritu ondoren, bilakaera horri buruzko «zalantza handiak» aipatzera igaro zen atzo Jean Claude Trichet EBZko presidentea. Egoeraren okertzea artean ez da nahikoa izan interes tasak jaisteko —%1,5ean geratu dira, «tasa egokian»—, baina kaskartzen jarraitzen badu gerta daiteke. Haren hitzetan, «wait and see» egoeran daude, hau da, datuen okertzea egiaztatzen badaegingo dutela zerbait, baina ez aurretik. Hurrengo asteotan hazkundeari buruzko datu makroekonomikoak espero ez direnez—hirugarren hiruhileko BPGa, esaterako—, oso litekeena da Trichetek %1,5eko interesarekin bukatzea bere agintaldia, eta Mario Draghi ordezkoaren esku egotea edozein aldaketa iragartzea.
Tricheten arabera, munduko ekonomiaren moteltzea izan da euroguneko herrialdeen hazkunde ekonomikoa moteltzearen arrazoi nagusia, baina aitortu du «zor subiranoaren merkatu batzuen tentsioek ondorio kaltegarriak» izan dituztela. Ondorioz, EBZk txikitu egin ditu bere hazkunde iragarpenak: aurten, ekainean aurreikusitako %1,9aren ordez, %1,6 inguru espero du orain. 2012rako, %1,3 iragarri du, lehen baino lau hamarren gutxiago. Inflazioari buruz, %2,5 eta %2,7 artekoa espero du aurten, eta batez beste %1,7koa datorren urtean.
Txaloak Italiari eta Espainiari
Bankuen arazoei buruz, Trichetek oraingo bideari jarraituko diotela iragarri du, hau da, likidezia arazoak dituztenei nahi beste diru utziz. Herrialdeei dagokienez, estu dabiltzan estatukideen zor subiranoa erosteko politikaz ez du ezer esan nahi izan, baina eutsiko diola uste dute adituek. Azken asteotan Espainiakoa eta batez ere Italiakoa erosi du. Bi herrialde horiek indarrean jarri dituzten erreformak txalotu ditu Trichetek, bereziki defizita mugatzeko beharra euren konstituzioetan sartzea. Espainiako Senatuak herenegun onartu zuen erreforma, eta Italiakoak, atzo.
Gainera, ontzat jo du Silvio Berlusconiren gobernuak bere errieta entzun izana eta defizita txikitzeko plan gogorra igorri izana Parlamentura. «Italiako Gobernuaren lehen konpromisoarekin bat datoz» neurriak, argitu du Trichetek. Hainbat astez neurriak biguntzen aritu ondoren, BEZa %21era igotzea, emakumeen erretiroaren atzeratzea 2014an hastea eta aberatsen gaineko zerga ezartzea aurreikusten duen plana eztabaidatu eta onartu du Italiako Senatuak.
Gogorrago izan da Greziarekin, eta agindutako erreformak indarrean jartzeko exijitu dio.
Interes tasak igotzeko politika utzi du Trichetek, jaitsiera iragarri gabe
Hazkunde ekonomikoa moteltzen ari dela onartu du EBZk, eta inflazioarekiko kezka gutxitu egin dela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu