Tasen jaitsierak eragina izango du Euriborraren bilakaeran. Atzo beste koska bat jaitsi zen, %1,981era, eta oso litekeena da hurrengo asteetan bide beretik jarraitzea. Beste kontu bat da Euriborra jaisteak mailegu merkeagoak ekartzen ote dituen. Izan ere, orain ematen ari diren kredituetan diferentziala handitu dute finantza erakunde gehienek, hots, Euriborraz gain bezeroak pagatu behar duen interesa. Azken urteotan, bankuen artean lehia handia zegoenez, Euriborra gehi %0,25 izatera igaro zen, baina orain ia ezinezkoa da halakorik aurkitzea. BBK-k %0,25ekoa eskaintzen du Interneten, baina 35 urte bete arte soilik. Banco Guipuzcoanok Euribor gehi %0,50, eta %0,75, berriz, 36 urtetik aurrera. OpenBankek %0,38 eskaintzen du sarean eta %0,55 INGk. Mailegu ez-hipotekarioetan aldeak are handiagoak dira, eta %11tik gora daudela dio Espainiako Bankuak. Igoera horrekin egiten diete aurre bankuek irabazien murrizketari eta mailegua bueltan ez jasotzeko arriskuari.
Aukerak, zabalik
Diru bakarra sortu zenetik, 1999ko urtarriletik, diruaren prezio ofiziala ez da hain txikia izan. Gainera, gehiago jaisteko aukera zabalik dago. «Ez dugu ez alde batera edo bestera erabaki. Ez ditugu eskuak lotu. Gure egoera ez da AEBetakoa edo Erresuma Batukoa», erantzun zien Trichetek EBZ zuhurregi jokatzen ari dela salatu dutenei.
AEBetako Erreserba Federalak %0 eta %0,25 artean utzi zituen urte hasieran, eta atzo beste puntu erdi murriztu zituen Ingalaterrako Bankuak, %0,50eraino. 1694tik, sortu zenetik, ez du Ingalaterrako Bankuak dirua hain merke utzi, baina, gainera, beste ezohiko neurri bat indarrean jartzea erabaki zuen: quantitave easing edo arintze kuantitatiboa deitutakoa. Hau da, sisteman diru gehiago jartzea, bankuei aktiboak erosita. Zehazki, Ingalaterrako Bankuak 75.000 milioi libera (84.000 milioi euro) erabiliko ditu hurrengo hiru hilabeteetan Estatuaren eta enpresen bonuak erosteko. Bankuek diru hori herritarrei eta enpresei maileguak emateko baliatzea da neurriaren helburu nagusia. 150.000 milioi liberaraino iristeko baimena eman dio Alistair Darling Finantza ministroak.
Eurogunean berdin egitea aztertu dutela eta baztertzerik ez dagoela argitu zuen Trichetek, baina ohartu zuen dagoeneko beste neurri heterodoxo batzuk hartu dituztela. Alegia, bankuei mugagabeko likidezia ematea eta berme gisa edozein aktibo onartzea. Horien ondorioz, EBZren balantzean 600.000 milioi euro daude jokoan. Zati bat galduko du: Lehman Brothersi eta porrot egin duten beste lau bankuri 10.300 milioi itzultzeko eskatu zien atzo, itxaropen handirik gabe.
Ekonomia %2,7jaitsiko da aurten euroaren eremuan
Aurreikuspen makroekonomikoak okertu behar izan ditu Europako Banku Zentralak. Abenduan iragarri zuen euroaren eremuaren hazkundea %0,0 eta -%1,0 arteanizango zela; atzo, -%2,2 eta-%3,2artekoa iragarri zuen. Hau da, batez beste -%2,7. Iazko azken hiruhilekoan %1,5 atzera egin zuela baieztatu zuen atzo Eurostatek.EBZk espero du ekonomiak datorren urtearen erdialdera hartuko duela abiada, eta horri esker agian atzeraldia saihestuko dela: -%0,7 eta +%0,7 arteko hazkundea espero du. Inflazioa ere oso apala izango da: %0,1 eta %0,7 artekoa aurten eta %0,6-%1,4 artekoa 2010ean. Otsailean, %1,2ko inflazioa zegoen.
'Quantitative easing', edo diruaren makina
Interes tasak are gehiago murrizteko aukerarik gabe geratu denez, Ingalaterrako Bankuari quantitative easing edo arintze kuantitatiboa baizik ez zaio geratzen ekonomia bultzatzeko.Zer da? Funtsean, banku zentralek ekonomian diru gehiago jartzea, hartara jarduera bultzatu eta ekonomia berriro hazteko. Diruaren makina abian jartzea deitu ohi zaio, nahiz eta banku zentralek ez duten diru berririk inprimatzen. Nahikoa zaie ordenagailuari esatea diru gehiago daukatela kutxan.
Zertan gastatzen dute dirua? Nagusiki, gobernuen eta enpresen zorra erosten diete bankuei edo beste finantza erakundeei, nahiz eta nahi dituzten aktiboak edo etxeak ere eros ditzakeen. Horrek bi ondorio nagusi ditu: batetik, bonuak saldu dituen bankuak diru gehiago ditu bere kutxetan, eta horrela errazagoa izango du, teorian, herritarrei eta enpresei diru gehiago mailegatzea. Bigarrenik, bonu horien eskaria handitu denez, horien truke gobernuek eta enpresek pagatu behar duten interesa jaitsi ohi da. Horrela ere diru gehiago geratzen zaie bankuei. Merkatuak lasaitzen direnean, banku zentralek bonuak berriro sal ditzakete.
Funtzionatzen al du? Neurri gisa, nahiko heterodoxoa da, eta beste erremediorik ez daukatenean soilik erabili ohi dute banku zentralek. Aditu askok uste dute ez duela ezertarako balio, besteak beste, agintariek ekonomia kontrolpean ez dauketen irudia ematen duelako, eta horrek zuzenean kalte egiten dio ekonomiari.
Zer arrisku ditu? Hasteko,banku zentralek merkatuan jartzen duten dirua herritarrena da, eta gobernuek edo enpresek zorra pagatzeari uzten badiote, galtzeko arriskua dago. Gainera, oso zaila da neurtzen zenbat diru jarri behar duten banku zentralek: gutxi jartzeak ez du ezer konpontzen -Japonian gertatu zen hori-,baina gehiegi jartzeak inflazioa eragingo luke, baita hiperrinflazioa ere. Hori gertatu da orain Zimbabwen edo Alemanian Lehen Mundu Gerraren ondoren: zorrak pagatzeko dirua sortu zuten gobernuek, baina horrek sortutako inflazio izugarriari aurre egiteko diru gehiago sortu eta gurpil zoroa elikatu zuten.
Europako Batasunak zer dio? Maastrichteko Itunak debekatu egiten die estatu kideei dirua sortzea zorrak edo gastuak pagatzeko. Baina banku zentralek badaukate eskumena banku pribatuei bonuak erosteko, deflazioaren aurkako neurria baita. Sisteman diru gehiagoegonik, inflazioak gora egin beharko luke.