Ekonomia

Ipar Euskal Herrian %5 igoko da argindarraren prezioa abuztuan

Argindarraren fakturak %14,1 egin du gora azken zortzi urteetan; aurtengoa azken hamar urteetan izandako igoera handiena izango da.

Berria.info
2013ko uztailaren 9a
14:03
Entzun

Frantziako Gobernuak argindarraren prezioaren %5eko igoera proposatuko du 2013ko abuzturako, Ekologia, Garapen Iraunkor eta Energia Ministerioak jakinarazi duen bezala. Hurrengo urteko abuztuan ere prezioa %5 igoko dela aurreikusten du ministerioak.

Azken hamar urteotako prezio igoera handiena izango da. 2004 eta 2005ean argindarrarengatik ordaindu beharreko prezioa mantendu egin zen. 2006 eta 2012 artean, aldiz, %1,1 eta %3 bitarteko igoerak izan ziren urtero; guztira, %14,1 garestitu zen argindarra, CRE Energiaren Erregularizazio Batzordeak iragarri duenez.

Batzorde hori bera da ekainean argindarra garestitzearen beharra azpimarratu zuena. EDF Energie de France argindar konpainiaren gastuak bezeroek ordaindutako diruarekin estali beharko ziren, eta, batzordearen arabera, hori ez da horrela izan azken urteetan. Gastuak konpentsatzeko, aurten argindarraren %6,8 eta %9,6 bitarteko garestitzea proposatu zuen, aurreko urteetan izandako igoera baxuagoek ekarritako gastuak sarrera berri horiekin orekatzeko.

Prezioen igoerak baliabide gutxiko familiei egingo dien kaltea arintze aldera, Frantziako Gobernuak proposatu du argindar eskaera gutxiko etxeetan —hiru eta sei kilowatt anpere bitarteko eskaera dutenak— abonamenduaren kostua jaistea. Ipar Euskal Herriko eta Frantziako etxe gehienei eragingo die neurri horrek.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.