Ez ohiko irudia ikusi da gaur goizean Baionan: langile sindikatu eta enpresaburuen elkarte gehienak esku harturik proiektu bateratua aurkezteko. CPME, U2P, eta UDES enpresaburuen elkarteen aldetik, eta CFDT, UNSA, LAB eta CFTC langile sindikatuen aldetik; horiek elkartu dira EHES Euskal Herriko Elkarrizketa Soziala elkartea sortzeko. Garapen Kontseiluan abiatu ziren elkarrizketetan Medef nagusien antolakundeak eta CGT sindikatuak ere parte hartu zuten, baina, Medefek ez du elkartearen sorreran parte hartu nahi izan eta CGT-k ez du ordezkaritzarik izendatu, eta beraz ez du parte hartu.
Ipar Euskal Herriko enpresa txikiei "abantailak eta aterabideak" proposatzea da elkartearen ideia. "Ipar Euskal Herria enpresa handi bat balitz bezala hartu dugu, enpresa txikienei, enpresa handiek dituzten abantaila berak proposatzeko", azaldu du Jean Baptiste Etxeto CFDTko kide eta Garapen Kontseiluko presidente ohiak. Frantziako legediaren arabera, 50 langiletik gorako enpresa orok enpresa batzorde bat behar du, eta horrek abantaila soziokultural andana ematen dizkio langileari. EHESren bidez, 50 langiletik beherako enpresei ere enpresa batzorde baten abantaila soziokultural berdinak ukaiteko aukera eskaini nahi diete: beherapenak aisialdietan, tarifa apaleko bidaiak, beherapenak eta abantailak tokiko 500etik gora saltegitan... Helburua, langilearen erosahalmena emendatzea da, funtsean. Parte hartu nahi duen enpresa txikiak, hilabetero euro bateko gastua izanen du langile bakoitzeko. Izan dituzten harremanetan jadanik nagusi bat baino gehiago interesatua agertu dela adierazi dute.
Lan bitartekaritza ere hartu dute helburu gisa. "Lan gatazka sortu aitzin, langileari eta nagusiari informazioa eta bitartekaritza proposatu nahi dizkiegu", azaldu du Eñaut Aramendi LABeko kideak. "Bonba lehertu aitzin egoera baretzea", aipatu du Etxetok. Telefono zenbaki bat aurkeztu dute, enpresa baten barnean arazo bat sortuko balitz langileak edo nagusiak dei egin diezaieten. Sindikatuetako eta enpresaburuen elkarteetako ordezkari banaz osatutako batzordeak antolatuko dituzte bitartekaritza proposatzeko. Langileari eta nagusiari hogeita bostna euroko parte hartzea eskatuko diete gastuak kubritzeko.
Azkenik, bestelako zerbitzuak eskaintzea ere xedeen artean, "enpresen eta langileen bizitza erraztea, emaitza onak lortzea, eta lanean ongi izatea bateratuz". Besteak beste, formakuntza saila irekitzea aipatu dute. Proiektua sortzeko laguntza ekonomikoa ere eskuratu dute: Akitania Berria eskualdeak 30.000 euro eman ditu, Pirinio Atlantikoetako departamenduak 12.000, eta Credit Mutuel bankuak 8.000.
Negoziazio kolektiboa helburu
"Proiektuetan da", hitz horiekin laburbildu du Jean Baptiste Etxeo CFDTko kideak, elkarte horrek negoziazio kolektiborako esparru bati bide irekitzen dion galdetu ondotik. "Elkarteak markatu dituen helburuetan da", Eñaut Aramendi LABeko kidearen arabera. "Ezarri ditugun helburuak konkretizatzeko, momentu baten buruan, lurralde mailako akordioak beharko ditugu. Horri buruz joan beharko dugu. Macron legeak eskualde mailako batzorde parekideak sortzea ekarriko du, guk ere praktikan eman genezake, eta, nahiz eta bere garaian borrokatu genuen, lege horrek ematen ahal dizkigun abantailak baliatu". Negoziazio kolektiboa sindikatu eta nagusien arteko akordioa izaki, nahi dutenek nahi dutenean izenpetzeko aukera dutela erran du Etxetok, baina ez du baztertu tokian tokiko batzorde parekide baten sorrera; "dena irudika dezakegu. Gure arrangura politikoetan da eta ororen buru abian emanen dugu".