Ipar Euskal Herriko ekonomia osasuntsu dago, MIGen arabera

Enpresa kopuruak eta kontratatze kopuruak gora egin duela azpimarratu du Jean-Marie Berckmansek

ENEKO BIDEGAIN
2004ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Ipar Euskal Herriko ekonomiaren itzalak anitz aipatuak izan dira 2003an. Jean-Marie Berckmans Baionako Merkataritza eta Industria Ganberako (MIG) lehendakariak argiak ere aipatu nahi izan zituen atzo. «Europa osoan bezala, gure eskualdea desindustrializazioaren biktima da», zehaztu zuen. Hala ere, Baionako MIGen zenbakien arabera, galdu diren baino lantegi eta enplegu gehiago sortu dira. Ipar Euskal Herriko ekonomiak «ederki ihardoki» du, nazioarteko hazkunde ahularen aurrean.

17 enpresa handi sortu dira

Enpresa handi batzuk itxi badira ere, 2003an 2002ean baino enpresa gehiago sortu dira eta enpresa gutxiago itxi. Berckmans-ek azaldu zuen azken lau urteetan, 500 langilez gorako hamazazpi enpresa berri sortu direla Ipar Euskal Herrian. Horiek industrian, lerra kirolen sailean eta teknologia berrietan gertatu dira. Haatik, sektore horietan sortu diren lanpostuak kualifikatuak direla eta ez direla galdu diren enpleguen araberakoak aitortu zuen MIGeko buruak.

Zenbait sektoretan langileak falta direlako kezka agertu zuen. Eraikuntzan, hotelgintzan eta jatetxeetan langile kualifikatuak eskas dira. Gazteak formatzeko eta haiengan ofizio horien irudia hobetzeko beharra aipatu zuen. Eraikuntza sailean kontratatze kopurua negatiboa izan bada ere, lan eskaera handiagoa da.Enpresa eta enplegu sortze gehienak zerbitzuetan izan dira. Hala ere, Beñat Darretxe ganberako zuzendariak argitu zuen enpresa anitzetan lanpostu batzuk enpresatik kanpora atera dituztela eta kanpoko enpresa batengain utzi dituztela.

Ondorioz, garai batez industria sektorean sartzen ziren postu batzuk, zerbitzuetan kontabilizatzen dira orain. Hala ere, oro har, enplegua hirugarren sektorekoa bihurtzen ari da nagusiki. Merkataritzan eta zerbitzuetan sortu diren enpresen %85 zerbitzuen alorrean kokatzen da.Berckmansek industria garatzeko beharra berretsi zuen. Haatik, zenbait «traba» aipatu zituen. Nagusia lurraren arazoa da eta «hirigintza planoetan aktibitate ekonomikoei egin nahi zaien lekua». Gaur egun 103 hektarea falta dira lantegi bat sortu edo handitu nahi duten enpresen eskaerei erantzuteko. «Deusik ez badugu egiten, beldur naiz ez ote den Euskal Herrian pobretze ekonomiko bat gertatuko eta udalek ez ote duten diru iturri bat galduko, enpresak bertze eskualde batzuetara joaten badira» adierazi zuen.Gainera, hautetsien jarrera kritikatu zuen Baionako portura etor litezkeen enpresa batzuen aurka agertzeagatik, hauek «arriskutsuak» direlakoan.

Beñat Darretxen ustez, aktibitate ekonomikoaren «dibertsifikazioa lagungarria da» krisiari aurre egiteko. Aktibitate bakarra duten eskualdeetan, sektore hori krisian sartzen delarik, eskualde osoa joa dela zehaztu zuen. Ipar Euskal Herriko egoera aktibitatearen aniztasunari lotua dela esplikatu zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.