Erantzun oso desberdina izan du grebak Nafarroan eskualde batetik bestera. Iparraldean babes oso zabala izan du, baina ahultzen joan da hegoaldera jo hala. Datu zehatzik ez dute zabaldu sindikatuek, azterketa orokorra baizik: "Lanuztea itxurazkoa izan da Iruñerrian; enpresa garrantzitsu askotan greba egin dute. Sakanan, Leitzan eta Baztango bailaran jarraipena handia izan da". Tafalla inguruan eta Erriberan mugatuagoa izan da erantzuna.
Gobernuak eman ditu sektore publikoari dagozkion datuak: %11 pasatxoko parte hartzea aipatu du —eguerdian zabaldu duen oharrean %5ekoa zela jakinarazi du—. Datu hori "faltsua" dela uste badute ere, sindikatuek nabarmendu dute azken greba deialdietan eman izan duena baino zenbaki handiagoa dela Nafarroako Gobernuak gaur zabaldu duena. "Horrek erakusten du aurreko deialdietan baino askoz handiagoa izan dela jarraipena".
Sindikatuen arabera, Bortzirietan %95eko babesa jaso du grebak, eta itxita egon dira Funvera eta Savera lantegiak. Iruñerrian Lacteos Navarran greban dira langile guztiak, eta Kybsen, erdiak. Landabenen, Volkswagenen goizean ingeniariak eta bulegoetako langileak sartu dira lanera, baina, tailerretan grebak izan duen erantzunaren ondorioz, 500 auto gutxiago ekoitziko dituzte gaur. Sindikatuen arabera, ekoizpena %33 murriztuko da. Iruñean bertan, mugatuagoa izan da saltokietako-eta parte hartzea. Piketeak egun osoan ibili dira aurrera eta atzera, eta liskarren bat edo beste izan dute Poliziarekin. Atxiloketak ere izan dira.
Sakanan, otsailaren 28an eskualdeak duen egoera salatzeko beste greba bat egin zuten arren, Magoteaux, GH eta Aceros Moldeados enpresak itxita daude, eta Sunsundeguin, Cementos Portlanden eta Eguzkian lanuzteak dituzte. Leitzaldean Sarriopapelen erabatekoa da greba, eta Aresoko lantegi gehienak itxita daude.