Ez dira garai txarrak guztientzat. Mundu osoan enpresa handiak eta txikiak galerak eta dozenaka mila langileren kaleratzea iragartzen ari direla, petrolio enpresek inoizko irabazi handienak iragarri dituzte. Exxon Mobilek jakinarazi du 2008an 45.200 milioi dolar irabazi dituela (35.300 milioi euro), aurreko urtean baino ia bost mila milioi gehiago. Inoiz baino diru gehiago.
Ez da petrolioaren sektorean irabazi errekorrak izan dituen konpainia bakarra: Chevron estatubatuarrak 23.931 milioi dolar irabazi zituela zabaldu zuen atzo. Bezperan, Royal Dutch Shellek sekula Europako enpresa ez finantzario baten emaitza onenak zabaldu zituen, 31.400 milioi euro irabazita.
Baina Mendebaldeko herritarrentzat eta enpresa gehientzat berri ona dena, petrolioa merkatzea, berri txarra da lehengai hori ustiatzeaz arduratzen direnentzat. Izan ere, aipatutako hiru konpainien azken hiru hilabeteetako emaitza aurrekoetakoa baino dexente okerragoa izan da. Exxonek, esaterako, 7.800 milioi dolar irabazi zituen urritik abendura, emaitzarik okerrena 2005eko bigarren hiruhilekoaz geroztik. Chevronen mozkina %28 jaitsi zen urteko azken hilabeteetan. Baina gauzak okerrago joan zaizkie Shelli (-2.800 milioi dolar) eta Conocori (-31.800 milioi).
Oso litekeena da aurten urte kaskarragoa izatea petrolio konpainientzat. Krisiaren ondorioz kontsumoa gutxitu egin da eta horri gehituz gero espekulatzaileek lehengaien merkatua utzi dutela, ulergarria da prezioak amildu izana.
2008an petrolio upelak batez beste ehun dolar balio zituen, eta orain 40 dolarren bueltan dago, eta krisi ekonomikoak jarraitzen duen bitartean ez da kopuru hartara gerturatuko.
Ondorioz, putzu berrien bilaketa eta ustiatzea atzeratu egingo dira. Energiaren Nazioarteko Agentziaren arabera, azken hilabeteotan 100.000 milioi dolarreko inbertsioak atzeratu egin dira.
Berri txarrak nagusi
Erregaien sektoretik kanpo, berriz, berri onak eskas dira. Astean 100.000 kaleratze baino gehiago iragarri dituzte dozena eta erdimultinazionalek. Atzo, NEC Japoniako produktu elektronikoen egilea batu zitzaien, esan baitzuen urtebetean 20.000 langile botako dituela. Salmentak %9 gutxituko dira eta 290.000 milioi yeneko galerak espero ditu zerga urte honetan (2.500 milioi euro).
Dexia bankuak, bere aldetik,3.000 milioi euroko galerak eta 900 lagunen kaleratzea iragarri ditu. Buruzagien soldatak jaitsi egingo ditu eta aurten ez du dibidendurik emango.
Hondak ez du inor botako, baina lau hilabetez itxi zuen atzo gauean Swindongo lantegia (Ingalaterra). Langileek soldataren %60 jasoko dute tarte horretan. Mila langiletik gora enpresa uzteko eskaintza ekonomikoa onartu dute.
Giro goibelean badira salbuespen gutxi batzuk. H&M arropa saltoki kateak iragarri zuen aurten 6.000 edo 7.000 lanpostu sortuko dituela, 225 denda berri ireki nahi dituelako.
Irabazi historikoak petrolio enpresentzat, kaleratze masiboak besteentzat
Exxonek 45.200 milioi dolar irabazi ditu, eta NEC elektronika enpresak 20.000 langile kenduko ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu