Kostata, baina jarri dute Sestaoko (Bizkaia) ACB lantegia berriz irekitzeko eguna: irailaren 9a. Langileek iragarritako egunean ekingo diote berriz plantaren martxari. Hala jakinarazi du gaur Arcelor Mittal jabeak, langile batzordearekin bildu eta gero. Otsailetik plantaren jarduera mugarik gabe etenda egon ondoren, multinazionalak zehaztu du aste honetan bertan ekingo dietela egun horretan beharrean hasteko mantentze lanei. Argudiatu du lantegia berriro zabaltzeko arrazoi nagusietako bat "langileek akordioak lortzeko egin duten ahalegina" izan dela. Ez kasualitatez. Langileen gehiengoak ACBren plana onartu zuen ekainean: lantalde erdia kaleratzea, beste erdiak enpleguari euts ziezaion.
Hamabi orduko txandetan egingo dute lan, asteburuetan, argindarra merkeagoa baita orduan. Trukean, lantaldea murriztuko du ACBk, baina, azaldu duenez, "kaleratze traumatikorik gabe". Orotara, 140 lagun arituko dira lanean. Haien "esfortzuaz" gain, zuzendaritzak azaldu du gaur-gaurkoz lantegia irekitzeko dituzten "baldintza egokiek" bultzatu dutela horretara. Kostuak murriztu eta prozesuak optimizatzeko neurriak ere azpimarratu ditu altzairuaren liderrak lantegia irekitzeko arrazoiak aipatzean.
Zamudiotik Sestaora
Arcelorrek erantsi du, gainera, epe labur eta ertainean errentagarria izan daitekeela ACB. Bide horretan, ikerketan eta garapenean jarriko du indarra, eta I+G+B (Ikerketa, Garapena eta Berrikuntza) izendapena jarriko dio aurrerantzean plantari. Zamudioko I+G zentroa Sestaora lekualdatuta, balio erantsia duten produktu berriak eta haien prozesuarekin lotutako teknologia ikertzea eta garatzea izango du helburu, instituzioek sarritan eskatu bezala.
Eusko Jaurlaritzaren diru laguntzarik gabe lantokia irekiko ez zuela errepikatu ostean, langileek hilabete hasieran aurreratu zuten enpresak zenbait kostu aurreztea lortu duela lur sailaren zati bat logistika enpresa bati alokatuta. Langileen ordezkarien ustez, altzairuaren asteotako garestitzeak ere berebiziko eragina izan du: altzairu tona 430 euroan salerosten da egun, eta, urte hasieran, 387 euroan. Multinazionalak ez du xehetasunik eman iragarpen horiei buruz.
Bi hilabeteko atzerapena
ACB irailean zabaldu arren, Arcelorrek eta Jaurlaritzak ados jartzeko izan duten ezintasunak bi hilabetez atzeratu du lantegiaren irekiera. Akordioa lortzeko epea ekaina bukatu aurretik jarri zuen multinazionalak, irekiera bi astean antolatu eta uztailean gauzatzeko asmoz. Halere, ez zuten bete hasieran iragarritako data: orduz geroztik, Arcelorrek diru laguntzak galdegin dizkio Jaurlaritzari, baina Lakuak inbertsioak exijitu dizkio plantaren geroa bermatzeko.
Jaurlaritzak pozik hartu du orain berria, "azken hilabeteotan landu eta eskatzen aritu den agertokia" delakoan. Arantxa Tapia sailburuak bihar baloratuko du erabakia, eta orduan argituko da negoziazioak zertan gelditu diren. Langileek ere begi onez baina zuhurtziaz hartu dute irekieraren albistea.