Irailean 1.939 langabe gehiago zenbatu ditu INEMek Hegoaldean

Nafarroan ezik, langabeziak gora egin du beste herrialdeetan, bereziki Bizkaian %4,18 igo baita

Erredakzioa
DONOSTIA
2003ko urriaren 7a
00:00
Entzun
INEM Espainiako enplegu bulegoko langabeziaren estatistikek gora egin ohi dute urtero irailean eta aurtengoa ez da salbuespena izan. Hego Euskal Herrian 1.939 langabe gehiago zenbatu ziren INEMeko bulegoetan irailean eta hilabete bukaeran langabezi tasa %7,17ra igo zen. Beste datu aipagarri bat islatu zuten estatistikek: urtebetean, INEMen izen ematen duten langabeen kopurua 143 lagunetan igo da.

Lau herrialdeetan ez zen joera bera izan. Nafarroa izan zen salbuespena, Foru Erkidegoan 118 lagun gutxiago baitzeuden lanik gabe irailean, eta iazko datuekin alderatuta ere, 458 langabe gutxiagok zuten izen emana enplegu bulegoetan. Alderantziz, Bizkaian nabarmen gora egin zuen langabeziak aurreko hilabetean: 1.682 gehiago. Herrialde horrek du, gainera, langabezia tasarik handiena, %8,09koa. Araban eta Gipuzkoan ere 152 eta 223 langabetu gehiago zeuden INEMen erroldatuta.

Errealitate «desitxuratua»

Balorazioa egiterakoan LABek azaldu zuen enplegu bila dabiltzan guztiek ez dutela INEMera jotzen, eta hortaz, datuok errealitatea «desitxuratzen» dutela deitoratu zuen sindikatu abertzaleak. «Kontuan hartu behar da langabetuen artean talde handi bat ez dela erregistratzen INEMen itxaropenik ez duelako lanik topatzeko eta funtzionamenduan institutu horrek dituen huts larriengatik», kritikatu zuen.

Ez ikasleak ez lanaldi erdiko enpleguaren bila dabiltzanak ez direla langabetzat jotzen gaineratu zuen. Azkenik, sindikatu abertzaleak motelaldi ekonomikoaren «ondorio larrienak» langileriak pairatzen dituela azpimarratu nahi izan zuen.

CCOO-Euskadik EAEko datuak aztertu zituen eta «baikortasunerako zantzurik ez dagoela ondorioztatu zuen. Egun izenpetzen diren ehun kontratutatikmugagabeak 7,5 baino ez direla nabarmendu zuen. Sindikatuaren arabera, datuok erakusten dute egoera ekonomikoa «geldituta» dagoela eta ez dela enplegu berririk sortzen ari.

Azkenik, Espainian 38.633 lagun gehiago zeuden lanik gabe irailean. Eduardo Zaplana Espainiako Gobernuko Enplegu ministroak oraingoan iazko datuei erreparatu zien eta «maila berean» jarraitzen dutela nabarmendu zuen (17.583 langabe gehiago, hain zuen).

P IPAR EUSKAL HERRIA



Iparraldean ere langabezia gorantz



Baionako Merkataritza eta Industria Ganberaren datuen arabera, Ipar Euskal Herrian lanaldi osoko enplegu bila 8.080 lagun zebiltzan ekainean, iaz baino %1,4 gehiago. LABek atzo nabarmendu zuenez, datuok osoak ez izan arren, azken hamabi hilabeteetan Iparraldean langabeziak erakutsi duen joera txarra erakusteko balio du. 1997tik langabeziak hartu zuen beheranzko joera iaz eten zen, beraz. Ganberaren arabera, Lapurdi eta Nafarroa Behereko langabezia tasa %9,4koa zen. Orain urtebete, ordea, %9an zegoen. Langabezia tasa Frantziakoaren maila berean dago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.