Irailean ere gora egin du Hego Euskal Herriko langabeen kopuruak

INEMek 160.747 langabe zenbatu ditu Hego Euskal Herrian irailean, iaz garai berean baino %48,9 gehiago

Donostia
2009ko urriaren 3a
00:00
Entzun
Krisiak eztanda egin aurretik, iraila sasoi ona izan ohi zen lan bila zebilenarentzat. Baina, azken bi urteotako datuak ikusita, joera erabat aldatu dela dirudi. Joan den hilean, batez beste, 160.747 lagunek zuten izena emanda INEMek Hego Euskal Herrian dituen bulegoetan, abuztuan baino 3.042 gehiagok (%1,93).

Eusko Jaurlaritzaren esanetan, lan merkatuak ahul jarraitzen duela erakusten dute datu horiek. «Abuztua mugimendu gutxiko hilabetea» izaki, irailean, «langabezian dauden pertsonen kopuru hori zuzendu egin ohi da». Baina, iazko irailean %1,5 handitu zen langabeen kopurua, eta, aurtengoan, %1,93.

Dena dela, datua okerragoa izan zitekeen, azken hamabi hilabeteotan langabeziak izan duen bilakaera kontuan hartuz gero. Aurtengo irailean, iazkoan baino 52.765 langabe gehiago zeuden Hego Euskal Herrian. Beraz, urtebetean, %48,9 igo da langabezia; eta %11,82an dago langabezia tasa.

Nafarroa izan da langabe kopuruak behera egin duen herrialde bakarra. Irailean, abuztuan baino 38 lagun gutxiagok zuten izena emanda INEMen zerrendetan. Jaitsiera txikia izan da, baina, jaitsiera izan da behintzat. Beste hiru herrialdeetan handitu egin da langabeen kopurua, eta, gehien, Bizkaian. Han, 1.825 langabe berri zenbatu ditu INEMek, 663 Araban eta 588 Gipuzkoan.

Bestalde, Gizarte Segurantzan afiliatutako pertsonen kopurua %4,14 txikitu da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, azken hamabi hilabeteetan. Abuztutik irailera, ordea, %0,17 igo da. Eusko Jaurlaritzak nahiago du azken datu horri begiratu, eta «poliki-poliki» bere onera datorrela pentsatu.

Sindikatuak, haserre

LAB sindikatuaren esanetan, 1997ko azaroaz geroztik ez dira hainbeste langabe egon Hego Euskal Herrian. «Erreferentzia horrek krisiaren sakontasuna ulertzen laguntzen du, enplegu galeraren ikuspuntutik, bederen». Nahiz eta gero eta sarriago entzuten den krisiaren amaiera hurbil dela, datozen hilabeteetan ere langabeziak bide beretik jarraituko du, sindikatuaren iritzian.

Gainera, lanpostu bat lortzekozailtasunik handienak gazteek dituztela nabarmendu du LABek. Irailean, 25 urtez azpiko gazteen langabezia %10,8 igo da, eta urtebetean %76,7.

ELAk, berriz, krisia enplegua suntsitzeko aitzakiatzat hartzen dela salatu du. Izan ere, Hego Euskal Herrian langabeen kopurua %48,9 handitu da, eta Europako Batasunean, berriz, %29,7. Beraz, sindikatuaren ustez, «Hego Euskal Herrian galdutako enpleguaren zati bat ez da ekonomia egoeraren ondorio».

CCOO eta UGTren irudiko ere, iraileko datuak «oso txarrak» dira. Eta «behar-beharrezkoa» deritzote administrazio publikoen esku-hartzeari, «okerren pasatzen ari direnei laguntzeko». Hori Elkarrizketa Sozialeko Mahaian herenegun hitzartutako moduko neurriekin egiten dela esan dute sindikatuek. «Akordioak berebiziko garrantzia du, kutxa publikoetan dauden 63 milioi euro beharrik gehiena dutenen artean banatuko direlako».

LABek, bere aldetik, gaitzetsi egin du Elkarrizketa Sozialeko Mahaian adostutakoa. «Oso pobrea deritzogu neurri aringarri horri, kontuan hartzen badugu hilabete bakar batean 3.076 langabe berri daudela EAEko INEMen zerrendetan».

Confebask Araba, Bizkai eta Gipuzkoako patronalak ere onartu du, iraileko langabezia datuek «egoera dramatiko bat» islatzen dutela. Hala ere,«lanpostuei eusteko sekulako ahalegina» egiten ari direla esan du, nahiz eta jarduera tasa eta aberastasunaren sorrera gainbehera etorri.

Dena dela, langabeziaren igoera moteltzen hasi dela ohartarazi du. Confebasken iritzian, «euskal ekonomiaren oinarri sendoenak azaleratzen ari dira», beste krisi garai batzuetan lanpostu gehiago galdu zirelako.



Industria jarduera

%24,5

Abuztu txarra. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako industriak iaz garai berean baino %24,5 gutxiago ekoitzi zuen abuztuan. Uztaileko datuekin alderatuta, berriz, %1,4koa izan zen jaitsiera. Ekipamenduko ondasunen sektoreak izan zituen emaitzik txarrenak, %30,9ko jaitsierarekin. Bitarteko ondasunenak, berriz, %28,3 gutxiago ekoitzi zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.