Iraunkortasun faktorea «alfonbra gorri» bat dela adierazi du Gune plataformak, Espainiak bankuei eta aseguru etxeei jarri diena merkatu kuotak handitu ditzaten. Salatu du faktore horren helburu bakarra pentsioek sortzen duten gastua «automatikoki» murriztea dela, eta, horrez gain, pentsiodun berriek hilero kobratuko duten kopurua «nabarmen» jaitsiko dela.
Hainbat eta hainbat eragile sozialek eta zortzi sindikatuk osatzen dute Gune, eta atzo elkarretaratzea egin zuten Gizarte Segurantzak Bilbo, Donostia eta Gasteizen dituen egoitzen aurrean. Espainiako Gobernuak dagoeneko iragarri du iraila baino lehen aurkeztuko duela pentsioen erreforma. Besteak beste, pentsioen zenbatekoa kalkulatzeko orduan unean uneko bizi-itxaropena kontuan hartzea ekar dezake erreformak, baita pentsioak eguneratzeko orduan KPI adierazlea alde batera uztea ere.
«Pentsioak ez ditu bizi-itxaropenak jartzen arriskuan: politika neoliberalek egiten dituzte jasanezin», adierazi dute plataformako kideek. Gaitzetsi dute Madrilek eta Bruselak hartua dutela erabakia; alabaina, mobilizazio gehiago iragarri dituzte. Euskal Herriak pentsio eredu propioa behar duela ere aldarrikatu dute.