Europako Batasunaren eta Nazioarteko Diru Funtsaren erreskate programatik irtengo da bihar Irlanda. Erreskate bat eskatzen bigarrena izan zen Irlanda (2010eko azaroan), eta irteten lehena. Espainiak jarraituko dio urtarrilean, bere bankuak salbatzeko jasotako laguntza ez berritzea erabaki baitu Madrilek.
Irlandak 67.500 milioi euro jasoko ditu erreskatearen bidez. Azken 1.400 milioiak orain eskuratu behar ditu. Diruaren zati handi bat bere bankuak salbatzeko edo likidatzeko baliatu du Dublingo gobernuak, eta bere defizit publiko handia estaltzeko bestea. Diruaren truke austeritate neurri gogorrak ezarri ditu: gastu publikoa asko murriztu du eta zergak igo dizkie herritarrei (baina ez du %12,5eko sozietate zerga ukitu).
Erreskatea utzi izana ospatzeko ekitaldian, Michael Noonan Finantza ministroak onartu zuen atzo ahalegin itzela egin dutela herritarrek: "Istorio honetako benetako heroiak herritar arruntak dira. Zerga igoerak jasan dituzte, zerbitzuak bortizki murriztu zaizkie. Jende guztiari jaitsi zaio pentsioa, baina gobernua sostengatzen jarraitu dute".
Onespen horrek ez ditu, ordea, sakrifizio gehiago egiteaz libratuko. Datorren urtean ere zergak igoko dizkie Noonanek berak, eta gastu batzuk jaitsiko ditu defizita 2.500 milioi eurotan txikitzeko. Horri esker %4,8ko defizita espero du 2014an. Ahalegin handiagoak etorriko dira 2015ean, defizita %3ko mugatik behera jaisteko konpromisoa hartu baitu Dublinek.