Finantza sektorea. Berregituraketak

Irlandak beste 24.000 milioi behar ditu bere bankuetarako

Finantza erakunde ia guztiak bere esku geratu direnez, 'argaltzera' behartuko ditu Dublingo gobernuak

Iker Aranburu.
2011ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Espainiako aurrezki kutxen finantzaketa arazoak txiki uzten dituzte Irlandako bankuek dituztenek. Orain arte finantza erakunde horiek salbatzeko jarritako 46.000 milioi euroei beste 24.000 milioi gehitu beharko zaizkiela jakinarazi zuen atzo Irlandako Banku Zentralak. Horrek praktikan banku sistema ia osoa Irlandako Estatuaren menpe geratzea dakarrenez, Dublingo gobernuak sektorea berrantolatzea erabaki du.

Irlandak hiru urte daramatza bere banku sistema diruz laguntzen, eta aldi bakoitzean faktura mila milioi batzuk handitzen zaio. Aurreko aldiekiko aldea badago, ordea: aurrekoetan bankuei dirua utzi behar izan diete eraikuntza proiektuetan galtzen ari zirelako eta horiek finantzatzeko beste herrialdeetatik lortutako maileguak itzultzerik ez zutelako; oraingoan, ordea, irlandarrak beraiek ari dira zuloa sortzen, gero eta gehiagok uzten diotelako etxebizitza erosteko hartu zituzten mailegua itzultzeari. Langabezia bikoiztu egin da azken urteotan, gobernuak gizarte gastua jaitsi du, eta etxebizitzen prezioa ia erdira jaitsi denez, berankortasun tasa %67 handitu zen iaz.

Maileguak bueltan ez jasotzeak sortu dituen eta sortuko dituen galerak estaltzeko, 13.300 milioi beharko ditu AIB Allied Irish Bank handiak, 5.200 milioi Bank of Irelandek, 4.000 milioi Irish Life and Permanentek eta 1.500 milioi EBSk. Oraingoz, diru gehiago ez dute jasoko Irish Nationwidek eta Anglo Irish Bankek, estatua horiek desegiten ari delako. Anglo Irishek berak atzo iragarri zuen 17.700 milioi euro galdu zituela iaz. Sekulako dirutza da hori, Espainiako Gobernuak FROBen bidez kutxa guztietan jarri beharko duena baino gehiago.

Banku nazionalizatuak

Diru horren zati handi bat Irlandako pentsio funts nazionaletik aterako du Dublinek, baina heltzen ez bazaio, EBk eta NDFk emandako mailegutik atera beharko du. Era batera edo bestera, bankuak estatuaren menpe geratuko direla esan nahi du horrek, eta, beraz, irlandarrek hainbat urtez pagatu beharko dutela horien kontuak garbitzea. Lortzeko gai izango diren ez dago garbi.

Egoera horretan, Michael Noonan Finantza ministro berriak iragarri du bankuak bi taldetan banatuko dituela: batean, AIB eta EBS batu egingo ditu (horiek jada nazionalizatuta daude), eta besteanBank of Ireland geratuko da, agian Irish Life and Permanenten zati batekin. Talde bati zein besteari argaltze dieta ezarriko die Dublinek, eta funtsezkotzat jotzen ez dituen aktiboak saltzera beharko ditu. Salmenta batzuk atzeratu beharko dituztela onartu du ministroak, orain egin beharrez gero oso merke egin beharko lituzkete eta. Noonanen hitzetan, «iragan toxikoarekin loturak haustea da helburua», eta, horretarako, «banku txikiagoak, hobeto kapitalizatuak eta oinarrizko operazioetara bideratutakoak» dira beharrezkoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.