Irlandakoaz geroztik, estres test hobetuak

Europako finantza erakundeek zailtasunei aurre egiteko duten indarra neurtuko dute otsailetik aurrera, metodologia berriarekin

jakes goikoetxea
2010eko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Kotoiaren probak ez du funtzionatu. Uztailean Irlandako bankuei kotoia pasatu eta garbi geratu zen, baina kotoi horrek ez du balio. Hilabete batzuk geroago argi geratu baita Irlandako bankuak zikinak zeudela. Beraiek izan baitira Irlandako krisiaren iturria. Uztailean Europako Batasuneko (EB) 91 banku eta aurrezki kutxari egindako estres testek zenbait arazo ezkutuan utzi dituela ikusita, azterketa berriak egingo dizkiete 2011 hasieran, hobetutako metodologiarekin.

«Lezioa ikasi behar dugu», esan zuen atzo Chantal Hughesek, Barne Merkatuko eta Zerbitzuetako komisarioak. Probek huts egin dutela onartu zuen, hitzez hitz hala esan ez bazuen ere. Probak egin ahala ikasten ari dira. Europako Batasunaren asmoa testak urtero egitea da. 2011koak otsailean hasiko dituzte, eta emaitzak uda aurretik jakingo dira. Bankuak gainbegiratzeko Europako erakunde berria arduratuko da bankuei eta aurrezki kutxei kaudimen eta erresistentzia probak egiteaz.

Neurtu beharreko irizpideen artean likidezia lortzeko zailtasuna sartu nahi dute. Uztailean aldagai hori aintzat hartu izan balute, Irlandako bankuek ez lukete azterketa gaindituko. Baina herrialdeetako banku zentral gehienak irizpide hori erabiltzearen kontra daude.

Estres testen helburua baldintza ekonomikoek okerrera egiten badute bankuen erresistentzia gaitasuna neurtzea da. Aztertutako 91 finantza erakundeetatik zazpik ez zuten gainditu proba, tartean Banca Civicak; aldiz, proba gainditu zuten BBK-k, Euskadiko Kutxak, Vital Kutxak, Kutxak, BBVAk eta Banco Guipuzcoanok -ozta-ozta-.

Dena den, estres testek zenbait zalantza sortu zituzten, planteatutako hipotesiak behar bezain zorrotzak ez zirelako.

Espainia indartuta atera zen azterketatik. Bere finantza sistemaren osasunari buruzko susmo handiak zeuden, baina finantza erakunde ia guztiek gainditu zituzten estres testak. Gainera, finantza erakunde gehienei aplikatu zien proba, beste herrialde batzuek ez bezala.

Baina horiek duela lau hilabeteko kontuak dira. Irlandaren erreskate premiaren ostean tentsioa eta susmoak indarrean daude, periferiako herrialde deitutakoetan batez ere: inbertsiogileek Grezia, Irlanda, Portugal eta Espainia zigortzen jarraitzen dute.

Espainiaren arrisku sariak atzo ere goia jo zuen: Espainiaren hamar urterako bonuak Alemaniarenak baino 250 puntu garestiagoak dira, euroa indarrean jarri zenetik izan duen alde handiena. Hau da, Espainiak erosleei errentagarritasun handiagoa eskaini behar die bere zorra eros dezaten.

Herrialde batek porrot egin eta hala ere herrialdearen zorra kobratzea bermatzen duten aseguruak, CDSak (credit default swap), garestitu egin ziren. Espainiaren hamar urterako bonuetan hamar milioi euro inbertitu eta asegurua kontratatuz gero, 300.000 euro inguru ordaindu behar dira urtean: Portugalenak eta Irlandarenak 550.000 euro; eta Greziarenak ia milioi bat euro.

2011n diru premia txikiagoa

Hala ere, Espainiako Gobernuko zenbait ordezkari ez dira larritu edo lasaitasun plantak egin nahi dituzte. Soledad Nuñez Altxorreko zuzendari nagusiaren esanetan, Espainiak zorra jaulkitzean ordaindu behar duen kopurua «onargarria» da. Hurrengo urtea lasaiagoa izan daiteke: Espainiak 40.000 milioi euroko zorra jaulkiko du, aurtengo 76.000 milioi euroren ia erdia.

Joaquin Almunia Lehiakortasun komisarioak Espainiari eskatu dio lehenbailehen argi ditzala sortu diren zalantzak agindutako erreformak egiteko duen gaitasunaz. Aurrera begira duen hazkunde estrategia azaltzeko ere galdegin dio.

Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak, dena den, baztertu egin du Greziakoaz eta Irlandakoaz aparte beste erreskaterik beharko denik. Axel Weber Alemaniako Bundesbankeko presidenteak, ordea, herenegun esan zuen EBko herrialdeak 750.000 milioi euroko erreskate funtsa handitzeko prestegongo liratekeela, hala beharko balitz. Zenbaitek Weberren hitzak Portugal eta Espainia laguntzeko beharko litzatekeen diru kopuruarekin lotu zituzten. Weberrek nabarmendu zuen funtsak euroari eusteko eta zalantzak uxatzeko modukoa izan behar duela. EBk baztertu egin du diru gehiago jartzeko aukera.

Bai Merkel bai Weber bat datoz Europak erreskaterako tresna iraunkorra behar duela, krisiei eta merkatuen ekaitzei aurre egiteko. Gainera, biek nahi dute inbertsiogile eta hartzekodun pribatuek funts iraunkor horretan dirua jartzea. 2013tik aurrera eskatu nahi diete dirua, gaur egun indarrean dagoen erreskate funtsaren funtzionamendu epea amaitutakoan.

Horren haritik, Alemaniako Senatuan lege bat bozkatuko dute gaur, bankuetako hartzekodunek ere galerak bereganatzeko eta erreskateetan parte hartzeko.





############



Murrizketa guztiak langileen bizkar egitea egotzi dio Bruselak Espainiari

Europako Batasuneko herrialdeen artean, Espainia da bakarra krisiari aurre egiteko murrizketa guztiak lanpostuak kenduz egin dituena. Ondorioz, 2007an %8,3ko langabezia tasa zuen, eta aurtengo irailean, %20,8koa, EBko handiena. Hala dio Bruselak enpleguaren inguruan atzo kaleratu zuen txostenak. Langabeziarik handiena duten herrialdeak, hots, Espainia, Letonia (%19,4) eta Lituania (%18,6) «arduragabeenak» izan direla uste du, ez dutelako jakin krisiak enpleguan izan duen eragina geldiarazten. Beste muturrean daude Austria, Belgika eta Alemania. Haiek lanaldiak murriztu eta produktibitatea txikitu dituzte, ez lanpostuak desagerrarazi. Rainer Bruederle Alemaniako Ekonomia ministroak dio laster enplegu betera iritsiko direla.





############
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.