Irlandari 85.000 milioi euro uzteko akordioak ez ditu finantza merkatuak baretu. Espainia dago inbertitzaileen begi puntuan, eta %5,5eko interesa pagatzen ari ziren atzo hamar urteko bonuak, ostiralean baino 30 puntu gehiago, eta mailarik handiena 2002az geroztik. Italiaren zor publikoa ere aspaldiko maila gorenera iritsi da, hango gobernuak %4,43ko interesa pagatu behar izan baitu hamar urteko bonuen truke; duela hilabete %3,8 pagatu zuen. Inbertitzaileak Belgikaren zorra ere saltzen aritu ziren. Burtsak ere %2 baino gehiago jaitsi ziren, eta euroa iraileko mailara jaitsi da dolarraren aldean.
Zenbat diru jasoko du Irlandak?
85.000 milioi euroko salbamendu plana hitzartu dute Europako Batasuneko agintariek. Horietatik, 17.500 milioi Irlandak berak jarriko ditu: 12.500 milioi etorkizunean pentsio publikoak pagatzekopilatu duen erreserba funtsetik eta 5.000 milioi, berriz, Irlandako Altxorrak 2011ko ordainketak egiteko bildutakotik. Nazioarteko laguntza 67.500 milioi eurora iritsiko da: Nazioarteko Diru Funtsak 22.500 milioi jarriko ditu, eta gainontzekoa EBk. Eurogunko erreskate mekanismoko dirua jarriko dute, eta Erresuma Batuak, Suediak eta Danimarkakmailegu zuzenak emango dizkiote Dublini.
Noiz itzuliko du?
Zazpi urte eta erdi izango ditu jasotako maileguak itzultzeko. Batez beste %5,83ko interesa pagatu beharko du. Interes hori bera jarriko diote orain Greziari ere-%5,2koa jarri zioten maiatzean-,ordaintzeko epea 2015etik 2024ra atzeratzearen truke.
Zertarako erabiliko dute dirua irlandarrek?
Estatuak 50.000 milioi euro jasoko ditu. Dirua pentsioak, osasuna, hezkuntza eta halakoak pagatzeko baliatuko dituela agindu du Brian Cowen lehen ministroak. Diru horrekin bere finantzaketa beharrak beteko ditu aldi luze baterako eta ez die finantza merkatuei gehiago eskatuko. Gainontzeko dirua Irlandako bankuentzat izango da. Horietatik 10.000 milioi berehalaxe emango dizkiete, kapitalen gutxieneko eskaerak betetzeko. Beste 25.000 milioieskura izango dituzte, galerak handitzen badira ere. Ondorioa da uharteko banku gehienak Estatuaren esku geratuko direla. Hala dago dagoeneko Anglo Irish, eta praktikoki AIB handia ere bai, gobernuak 5.300 milioi emango dizkiolako. Bank of Irelandek otsailera arte du 2.200 milioi lortzeko, eta egiten ez badu, Estatuak jarriko du dirua, eta parte-hartzea %36tik %80ra igaroko da. Maiatzera arteko epea du Irish Life & Permanent txikiak 98 milioi eskuratzeko. Diru publikoa jasotzen duten banku handiek neurria txikitu beharko dute -nazioarteko operazioak salduta, esaterako-, eta txikiak batzera behartuko dituzte. Atzerritarren eskuetan dauden bi bankuek -National Irish Bank eta Ulster Bank- asko mugatu dituzte maileguak.
Zer baldintza jarri dituzte EBk eta NDFk?
Defizita BPGaren %3ra jaitsi beharko du 2015ean, hots, aurretik zuena baino urte bat gehiago du. Hori betetzeko, lau urtean 15.000 milioi aurreztu beharko ditu edo zerga bidez lortu. Funtsean, 2011 hasierako bozetatik aterako den gobernuak ez duela aukerarik izango gastuari buruz.
Zer pasatuko da pagatzen ez badu?
Lehenengo galtzailea Irlandako Estatua bera izango da, 17.500 milioi euro berak jarri dituelako. Estatuarena duten inbertitzaile pribatuek beren dirua jasoko dute, haiek salbamenduaren zati bat pagatzeko ideiak gauzak okertu egin dituelako. Hori bai, eurogunea proposamen bat lantzen ari da 2013tik aurrera jaulkitzen den zor subiranoa ez ordaintzearen kostuaren zati bat inbertitzaile pribatuek har dezaten.
Zer dator orain?
Abenduaren 7an bere aurrekontua aurkeztuko du Cowenen gobernuak. Oposizioko hiru alderdiek aurkako botoa emango dutela iragarri dute, gaizki hartu baitute pentsioetako dirua bankuak salbatzeko erabili izana.
Irlandaren salbamenduak Espainia eta Italia jarri ditu lehen lerroan
Interes tasa handiagoa pagatzearen truke, Greziak 2015etik 2024ra atzeratu ahal izango du bere mailegua itzultzeko epea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu