Fiskalitatea

Irteera zerga proposatu dute Elkarrekin Podemoseko alderdiek, iruzurraren aurka

Beste sei zerga erreformatzeko proiektua eramango dute batzar nagusietara, eta ziurtatu dute aldaketei esker posible dela gaur egungo bilketa 1.750 milioi euro handitzea.

Julen Bollain Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkidea, artxiboko irudi batean. Bollainek koalizioa osatzen duten alderdiek batzar nagusietara eramango duten zerga erreforma aurketu du. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS
Ivan Santamaria.
2017ko urriaren 30a
12:33
Entzun

Elkarrekin Podemos koalizioa osatzen duten hiru alderdiek —Ahal Dugu-k, Ezker Anitzak eta Equok— zerga erreforma baterako proposamena aurkeztu dute, gaur, Eusko Legebiltzarrean. Koalizioak proposamena erroldatuko du orain Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako batzar nagusietan.

Berritasun handiena irteera zerga bat indarrean jartzea da. Horren helburua litzateke zergapeko batek jabetzan dituen akzioen ondare irabazia zergapetzea, akzio horien jabetza zerga paradisu batera lekualdatzen bada. Elkarrekin Podemoseko alderdiek %20ko tasa jartzea nahi dute. Erosi ziren momentutik lekualdatzea gertatu arte akzio horien balioak izan duen gehikuntzari ezarriko litzaioke tasa. Zerga paradisu gisa zein herrialde identifikatuko diren ezarri beharko litzateke, hortaz. Espainiak antzeko neurri bat du, PFEZa arautzen duen legearen 95 bis artikuluan. Bilketa handitzeko tresna gisa baino gehiago, kapital mugimenduen iruzurrari aurre egiteko modu gisa aurkeztu dute.

Julen Bollain Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak erreforma "sakon" baten beharra defendatu du EAJ eta PSE negoziatzen ari diren "adabakien" aurrean. "Posible da planteatzea konponbide zehatzak, berehalakoak eta egingarriak", azpimarratu du.

Errenta zergaren atalean lau aldaketa zehatz jarri dituzte mahai-gainean. Hasteko, lan eta aurrezki errentaren artean orain dagoen banaketa eta eskala ezberdinak ezabatzea. Irabazi guztiak batuko lirateke, eta PFEZaren araudiaren arabera zergapetuko lirateke. Bigarren aldaketa izango litzateke zergapetzetik salbuetsita dagoen gutxieneko kopurua 12.000 eurotik 14.000 eurora igotzea. Hirugarrenik, errenta gehien dituzten zergapekoei ezarritako tasak berrikusiko lirateke. Ez litzateke tasa handiena (%49) igoko, baina tarte gehiago ezartzea defendatuko dute. Azkenik, pentsio plan pribatuetarako enpresek egindako ekarpenak eta etxebizitza kenkaria berrikustea nahi dute. Neurri horien bidez 690 milioi lortuko liratekela kalkulatu dute.

Sozietate zergan, igoera

Jeltzaleen eta sozialisten arteko desakordio nagusia izan da sozietate zerga. Elkarrekin Podemosetik argi utzi dute ez dutela babestuko zerga horren tasa nominala jaistea. Aldiz, tasa nominala bi puntu igotzea proposatu dute, %28tik %30era. Era berean, enpresa txiki eta ertainei jarritako tasa %24tik %23ra jaistea ontzat jo dute. Kenkari eta pizgarri sistema "mugatzea" eta "irizpide objektiboak" ezartzea ere jasoko du erreforma proiektuak. Guzti horren bidez bilketari 275 milioi gehitzea posible ikusten dute.

Ondare zergari dagokionez, aberastasun handien zergan egondako eredua orokortzea egoki ikusten dute Ahal Duguk, Ezker Anitzak eta Equok. Zerga ezkutua delakoa ezabatzea ekarriko luke aldaketak. Baturik, errentari eta ondare zergari dagokion kuota osoa gehienez ere diru sarreren %65 izan daiteke Araban eta Bizkaian. Gipuzkoan ez dago mugarik, EH Bilduk agintea zuenean onartutako moldaketaren ondorioz.

Ondare eskualdaketetan, oinordetza eta dohaintzen ingurukoan, eta jokoari ezarritako tasan ere moldaketak proposatuko dituzte. Guztira, zergetan egindako aldaketek 1.250 milioi eurotan gehituko lukete bilketa. Beste 500 milioi iruzurraren aurkako borroka zorroztetik lortzea posible dela uste du Elkarrekin Podemosek. Puntu horretan zergapeko handien zerrenda handitzea eskatuko dute. Gaur egun, milioi batetik gora zor dituztenen izenak argitaratzen dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek. Kopurua 250.000 eurora jaitsiko litzateke, Nafarroan egiten den modura.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.