Arazo bat konpontzeko lehen baldintza arazoa egon badagoela onartzea den aldetik, euroguneko zor publikoaren krisiari irtenbidea bilatzeko urrats sinbolikoa egin du eurotaldeak. «Kanpotik begiratuta, irudi penagarria ematen ari gara, ez dugulako lidergo itxurarik ematen», aitortu zuen atzo euroguneko finantza ministroen taldeko buruak, Jean Claude Junckerrek. «Hurrengo egunotan ados jarri beharko dugu, zerbait egiteko guri buruz besteek duten irudia aldatzeko», gehitu zuen.
Eurogunearen eta EB osoaren irudiari ez diote lagundu azken astean erakutsitako zalantzek. Bihar Bruselan egingo duten goi bilerarako krisiari erantzun bateratua eta indartsua prest izango zutela agindu zuten Angela Merkel Alemaniako gobernuburuak eta Nicolas Sarkozy Frantziako lehendakariak, baina ostegunean aitortu behar izan zuten goi bilera bat egin beharrean bi egin beharko dituztela: biharkoa eztabaidarako, eta asteazkenekoa neurriak onartzeko.
Berlin-Paris eta Paris-Berlin
Hain zuzen ere, EBren irudi eskasaren arrazoietako bat da erabaki garrantzitsu guztiak Alemaniaren eta Frantziaren artean hartzen dituztela, edo itxura hori ematen duela behintzat. Horregatik, haserre azaldu da Juncker: «Hamazazpi herrialde gara, eta Berlinez eta Parisez gain, besteok ere parlamentuak ditugu».
EBko beste kideen kexuak kexu, akordioak bere artean hitzartzea dute lehentasun Berlinek eta Parisek. Ildo horretatik, Wolfgang Schaueble Alemaniako Finantza ministroak gezurtatu egin zuen atzo desadostasun handiak daudela bere gobernuaren eta Frantziakoaren artean, eta ziurtatu zuen atzerapena edozein erabaki Bundestagen oniritziarekin hartu behar izateari zor zaiola. Akordioaren «nondik norako orokorrak» dagoeneko hitzartuak dituztela gaineratu zuen Steffen Seibert Berlingo gobernuko bozeramaileak.
Gobernu horretako iturriek berri agentziei aurreratu dietenez, EFSF Europako Finantza Egonkortasunerako Funtsa ez da banku bihurtuko, baizik eta aseguru etxe gisa funtzionatuko du EBko estatuek jaulkitzen duten zorrarentzat. Alemaniaren erresistentzia ikusita, horretan amore eman behar izan du Frantziak, baina lortu du beste zerbait: funts hori baliatu ahal izatea bankuak birkapitalizatzeko, baldin eta kapital pribatuak eta estatu bakoitzarenak huts egiten badu.
Alemaniaren beste bi proposamen ere mahai gainean daude: Greziaren kontuak eta erreformak gainbegiratzeko egitura finko bat sortzea, eta EBren integrazio fiskal eta ekonomikorako urrats gehiago egitea.
Dirua Greziari
Bilera luzea espero zuten eurotaldekoek, eta hala izan zen. Iluntzean artean bilduta zeuden EBren Bruselako egoitzan. Ez zen erabakirik espero hiru desadostasunen inguruan: EFSF erreskate funtsaren molde berria, Greziari barkatu beharreko zorraren kopurua eta bankuen birkapitalizazioa.
Erabaki bakarra espero zen, Greziari beste 8.000 milioi euro uzteari buruz. Greziaren kontuakikertu dituen Troikak diru hori emateko aholkua eman die ministroei, nahiz eta aitortu egin duen ez dela nahikoa izango, atzeraldiak, protestek eta Greziako Gobernuaren zalantzek diru kontuen egoera okertu dutela.
«Irudi penagarria ematen ari gara»
Europako Batasunak asteburu honetan eta asteazkeneko bileran garbitu nahi du azkenaldiko itxura
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu