Irungo AIT zerbitzuko behargin batzuk lanera itzuliko dira bihar

Goizez bakarrik emango dute zerbitzua, langile faltagatik; enpresak eta langileek negoziatzen jarraituko dute

Erredakzioa
Donostia
2010eko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Sei hilabete greban daramatzate ibilgailuei azterketa teknikoa egiteko Irun eta Urnietako zerbitzuguneetako langileek. Bihar, Irungo gunea martxan hasiko da berriro, langile batzuek beren lanpostuetara itzultzea erabaki dutelako. Horrek ez du esan nahi, ordea, enpresarekin ezer hitzartzea lortu dutenik, taldearen zati handi batek greban jarraituko baitu oraindik.

TUV Rheinland bi zerbitzuguneak kudeatzen dituen enpresak jakinarazi duenez, «ez dago gipuzkoarrak zerbitzurik gabe denbora gehiagoan edukitzerik». Horrela, astelehenetik ostiralera 08:00etatik 14:00etara eta larunbatean 08:00etatik 13:00etara zerbitzua ematen hasiko dira. Gaurtik txanda hartu ahal izango da 943-62 63 00 telefonora deituta. Soilik goizeko txandan emango dute zerbitzua, arratsaldez itxita izango baitute gunea, langile faltagatik. Urnietakoak itxita jarraituko du.

Lanera itzuliko direnen erabakia errespetatzeko eskatu du enpresak, greban jarraitzen dutenena errespetatzen duten modu berean. Negoziazioek aurrera jarraitzen dutela ere adierazi du, eta Irungo zein Urnietako guneak lehenbailehen normaltasunera bueltatzea dela bere nahia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.