Martin Garitano ahaldun nagusiak azaldu duenez, ikuskaritzan bost postu sortuko dira, unitate operatibo berria sortzeko: unitate burua eta lau ikuskari. Lanpostu berri horien bitartez, ikuskaritzako baliabide zuzenak %12,5 handituko dira. Horrez gain, Ogasunak goi teknikarien beste bost lanpostu behar izango ditu iruzurraren aurka jarduteko: bi zerga bilketan eta hiru kudeaketa atalean (bi Sozietate Zergan eta bat BEZean). Guztiak lan eskaintza publiko baten bidez kontratatuko dituzte.
Garitanok nabarmendu du iruzurraren aurkako borroka ez dagokiola soilik ikuskaritza atalari. “Kudeaketatik eta zerga bilketa ataletatik ere eraginkorki eragozten dira Ogasunari eta, ondorioz, gizarte osoari egin nahi izaten zaizkion tranpa eta iruzurrak”, adierazi du.
Iruzurraren aurkako borrokara giza baliabide gehiago bideratzeaz gain, datozen asteetan beste zenbait neurri ere abiatu nahi ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak. Batetik, iruzurraren aurkako Foru Arau proiektua lantzen ari da. “Araugintza mailan zenbait neurri hartuko ditugu. Laster egongo gara Foru Arau horren inguruko zehaztasunak emateko moduan”, esan du.
Bestetik, gainerako foru ogasunekin eta administrazioekin zerga informazioa partekatzeko hitzarmenak prestatzen ari da Gipuzkoako Foru Aldundia. Datuak trukatzeko prozedurak normalizatu, arindu eta osatu nahi ditu Gipuzkoak neurri honen bidez.
2013ko Egiaztapen Plana aurki amaituko du Ogasun Departamentuak. Ikuskaritza plana ere jasoko du plan horrek, helburu eta lerro nagusiak jasotzen dituena. Arreta berezia eskaini nahi die irregulartasun guneei.
“Neurri sorta honen bidez, borondatez beren betebeharrak betetzen dituzten herritarren aurrean hartutako konpromisoa berretsi eta indartu nahi dugu”, esan du diputatu nagusiak. Konpromiso horren adibide dira gobernu honen ekimenez ezarritako Arrisku Bereziko Zergadunen Errolda eta indargabetutako Enpresak Sustatzeko Sozietateen erregimen berezia. Orain arteko norabide berean segitzeko helburua du aldundiak, gaur aurkeztutako neurri sortaren bidez.
Iruzurraren aurkako borrokari lehentasuna eman nahi diola dio aldundiak: “Zerga sistema eraldatzera etorri ginen. Justizia sozialean oinarritutako zerga sistema baterantz urratsak egitera etorri ginen. Horrexegatik ari gara, hain zuzen, hainbat aldaketa gauzatzen araugintza alorrean. Horrexegatik ari gara zergen ezaugarriak aldatzen eta elusiorako zirrikituak mugatzen. Progresibitatea berreskuratzea dugu helburu”, Gipuzkoako diputatu nagusiaren esanetan.
Garitanoren arabera, Foru Gobernuaren proposamen fiskalaren bi oinarri kolokan geldituko lirateke “iruzurra behar bezalako tinkotasunez eta konbentzimenduz jazarriko ez" balute: alde batetik, herritar guztiak berdinak direla Ogasunaren aurrean, eta, bestetik, sistemaren izaera progresiboa bera ere bai —normalean gehiago dutenek baliabide eta informazio gehiago izaten baitute iruzur egiteko—.