Zerga iruzurraren aurkako borroka «Euskadi osoan» koordinatzea proposatuko die bihar Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak hiru ahaldun nagusiei. Zergei buruzko eskuduntza diputazio bakoitzari dagokion arren, PSEk uste duikerketa «plan bateratu» batekin aurre egin behar zaiola iruzurrari.
Hizpide nagusi zerga politika dutela, Lopezek lehen harrera ofiziala egingo die bihar maiatzeko hauteskundeetatik ateratako ahaldun nagusiei. Banan-banan, Lopezek «zerga politika berria finkatu behar duten irizpideak» proposatuko dizkie Javier de Andres Arabako ahaldun nagusiari, Jose Luis Bilbao Bizkaikoari eta Martin Garitano Gipuzkoari, atzo Jose Antonio Pastor PSE-EEko bozeramaileak Bilbon aurreratu zuenez.
Aniztasun politiko hori dela eta, eztabaida zaila eta luzea izango dela badaki PSEk, baina «atzeraezina» dela uste du. Hedabide batzuek aurreratu dutenez, zenbait zerga berreskuratzeko, zerga kenkari batzuk desagertzeko eta beste batzuk igotzeko aukera aipatuko die ahaldun nagusiei. Printzipioz, planteamendu horrekin nolabaiteko adostasuna duen bakarra Garitano da, De Andresek eta Bilbaok argi hitz egin dutelako zerga eredua orain dagoen moduan uztearen alde.
Desadostasun horiek badirela onartu du Pastorrek, baina espero du iruzurraren aurkako politika sendotzeko ados jarriko direla Lopez eta ahaldun nagusiak. Iruzurra «edozein sistema ekonomiko usteltzen duen termita da», esan du Pastorrek, eta horregatik horren aurka batera borrokatzea proposatu du. Zergetan egiten den iruzurra ez ezik, «lan munduan eta gizarte laguntzetan eta diru laguntzetan gertatzen dena ere eten behar dugu, zerbitzu publikoak, gizarte laguntzak eta ongizate sistema bideragarriak nahi baditugu».
Jaurlaritzaren inkesta
PSEko burukideak gogorarazi du Jaurlaritzak uztailaren hasieran kaleratutako inkestan galdetutako hamar lagunetik zazpik esan zutela zerga iruzurra oso handia dela. Gainera, %68k iritzi diote administrazioak ezer gutxi egiten duela zerga iruzurra borrokatzeko. Pastorrek ez du nabarmendu, ordea, zundaketa horretan bertan %61ek esan zutela oraingo zerbitzu publikoei eustea badagoela zergak berdin-berdin utzita. Zergak igo behar dituztela%16k uste dute, eta %12k, berriz, pentsatzen dute jaitsi egin beharko lituzketela.
Inkesta horrek berak erakusten du zergei buruz ezjakintasunhandia dagoela. Hirutik batek uste du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan zergak Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak biltzen dituztela.
Beste atal batean, %53k uste dute EAEn zerga gehiegi pagatzen direla, %36k «ez asko eta ez gutxi», eta %3k diote gutxi pagatzen direla. Datuak eskuetan, ordea, Hego Euskal Herrian inguruko herrialdeetan baino zerga gutxiago pagatzen dira. ELAren datuen arabera, 2008an zerga presioa —zergek barne produktu gordinean duten zatia— %31,2koa izan zen Hego Euskal Herrian, eta %40 ingurukoa Europako Batasunean. Europako batez besteko zergekin ogasunek 8.150 milioi gehiago izango lituzketela ziurtatu du sindikatuak.
Iruzurraren kontrako borroka koordinatzea proposatu du PSEk
«Zerga sistema berriaren irizpideak» finkatzeko lehen bilera egingo du bihar Lopezek ahaldunekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu